Patxi Itulain: "Argazki erakusketak jartzera animatzen ari naiz"

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2011ko mar. 28a, 12:00

Azpeitia, Bartzelona eta Donostia. Patxi Itulain-en (1972) hiru bizileku. 18 urte zituela Azpeitia utzi eta Bartzelonara joan zen, argazkilaritza ikastera. Duela hamar urte Donostiara egin zuen, eta argazkilaritzako estudio bat ipini zuen Astigarragan. Egun hauetan Oiartzungo taberna batean erakusketa bat jarria du. Bere ibilbidearen berri eman dio lapikue.net-i. Bi argazki ikusgai daude albistean.

itunain

(Argazkian, Patxi Itulain Oiartzunen martxoaren 25ean, Makutxo tabernan, bere erakusketako argazki baten ondoan)

Zer dela-eta joan ziren Bartzelonara argazkilaritza ikastera?

Ikastolako aroa bukatzean argazkilaritza ikasi nahi nuen. Leioan Arte Ederren aukera badago, baina argazkilaritza arloa zehazki edo hori bakarrik ez, eta inguruetan ere ez. Bartzelonan neukan aukera hori, eta hara joan nintzen 18 urte nituela. Anaia Mikel han zen Diseinu Industriala ikasten, eta horrek ere animatu ninduen Bartzelona aukeratzeko.

Hamar urte egin zenituen Bartzelonan.

Argazkilari bezala formatu egin nintzen. Ikasketak hiru urtekoak izan ziren, eta ondoren espezializazioak egin nituen. Erakusketa txikiak jarri nituen, lan txikiak sortu ziren baina, batez, ere, formazioa izan zen nire helburua, esperientziak izatea, bidea egitea, hau ez baita egun batean ikasten; prozesu bat da.

Horretarako ingurune egokia al da Bartzelona bat?

Bai. Hiri kosmopolita da, era denetako jendea aurkitzen duzu, bizimodu klase asko dago, hiriak koloreak ditu jende aldetik. Argazkilariontzat ere gai aldetik-eta pluraltasuna dago, aukera.

Baina zeuk bizimodua argazkilaritzatik ateratzen al zenuen?

Ez. Euskal Etxean egin nuen lana, tabernari bezala. Ni han nintzela inauguratu zuten Euskal Etxea. Gustura aritu nintzen, giro ona genuen.

Zergatik itzuli zinen Euskal Herrira, Donostiara?

Argazkilaritzako eskolan nintzela neska-laguna topatu nuen. Donostiar bat. Etxeak tiradizoa du, eta orain dela hamar urte erabaki genuen Donostiara etortzea eta bion artean argazki estudio bat jartzea. Astigarragan daukagu: Beltz. Bizi, Donostian bizi gara.

Erakusketa asko jartzen al dituzu?

Ez. Hona etorri ginenetik dena lanari emanda egon naiz. Baina oraintxe dela urtebete inguru Donostiako taberna bateko jabeak galdetu zidan ea ipiniko al nuen haienean erakusketa. Azkena Bartzelonako garaian jarrita nengoen, baina animatu egin nintzen.

Eta orain Oiartzunen duzu.

Taberna batean: Makutxon. Jabeak esan zidan hormak libre zeuzkala eta ea animatuko al nintzen argazki batzuk zintzilikatzera. Itsasoari buruzkoak ditut. Itsasoa zakarra dagoenean-eta argazkiak ateratzea gustukoa dut, material asko dut pilatua, eta ale batzuk daude Makutxon, hilaren 1etik 31ra arte. Erakusketak jartzera animatzen ari naiz.

Azpeitian noiz?

Badakit Sanagustin kulturgunean egiten direla erakusketak. Kultur Mahaiak-edo deitzen badit, animatuko naiz. Azpeitiko neure aurreneko erakusketa nuke.

(Oiartzungo erakusketako bi argazki behean)

haize

ibaia