Emaitza ederrak txistulari gazteek

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko api. 29a, 12:00

Pasatu den zapatuan Hernanin jokatu zen Txistulari Gazteen Txapelketa, eta Juan Antxieta Musika Eskolako txistu ikasleek maila polita erakutsi zuten; emaitza onak lortu zituzten. 

Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako 11 ikaslek parte hartu zuten zapatuan Hernanin jokatu zen Txistulari Gazteen Txapelketan. Gasteiz, Donostia, Arrasate, Irun, Zestoa, Hernani eta Iruñekoak izan ziren, azpeitiarrekin batera. 

Aurten seigarren aldia zen txapelketa antolatu zutela. Azpeitiko Juan Antxieta Musika Eskolako txistu ikasleek hiru urte daramatzate bertan parte hartzen. Gorka Zabaleta irakaslea "gustura" da bertan izandako emaitzekin. "Azken hiru urteetan hartu dugu parte txapeketa horretan, eta badira hire urteetan parte hartu duten ikasleak ere". Beraz, Azpeitiko ikasleen artean baziren, dagoeneko, txapelketa horri neurria hartutakoak.

Txapelketan bakarlarien artean bi kategorian dira: "A kategorian 12 urte azpikoek hartzen dute parte, eta Alain Sorazu txapelduna izan zen. Unai Montori, berriz, hirugarren gelditu zen", dio Gorka Zabaletak.

B kategoria, 1 eta 16 urte bitartekoek jokatu zuten, eta Iñaki Azpeitiak hirugarren postua lortu zuen. Taldekako kategorian, Antxieta Musika Eskolako talde batek bigarren bukatu zuen.

Martxa onean

Gorka Zabaleta txistu irakaslea pozik dago ikasleek egiten duten lanarekin. "Txapelketez gain, herrian ere gauza asko egiten ditugu: sansebastianetan banderarekin irteten dugu, karnabaletan artzain-inudeekin...; herrian gauza asko egiten ditugu", dio. Bi helbururekin egiten dituzte ekintzak: "Alde batetik, haurrei motibatzeko balio izaten die eta, bestetik, zer egiten dugun erakusten dugu. Azken batean, etorkizuneko musikariak kalera ateratzen ditugu".