Argazkiaren egia

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko aza. 30a, 17:22

Joan den astean zehar, goiko argazki hori izan du eskegita lapikue.netek, eta bertan galdera bat jartzen zuen: "Interneten nabigatzen eta hara zer aurkituko! 1871ko argazki bat, karlistak kanoi batekin. Lekua Azpeitiko plaza omen. Ramon Hernandezen argazki hau non aterata dagoen kokatzeko gai al zarete?". Lapikue.netek berak ere jardun zuen argazkia kokatu nahian, eta ezinaren ondorioz errezenera jo zuen, erantzuna jakin zezakeen norbaitengana, alegia. Beraz, Imanol Eliasi deitu zion erantzuna jakiteko. Gaur, zueri ematen dizuegu.

Karlistak kanoiarekin

"Ikusi nuen argazkia eta atzeko etxe hori nonbait ikusia dudala pentsatu nuen. Bilatu behar nuela, baina oraindik egin gabe daukat. Utz iezadazu denbora pixka bat eta bilatuko dizut". Esan eta egin. Lapikue.netek Eliasekin izandako lehen elkarrizketa izan zen hori, eta handik ordubete ingurura Eliasen erantzuna jaso zuen.

Eta badirudi ezetz, argazki hau ez dela Azpeitiko plazan ateratakoa: "Ezinezkoa iruditzen zait enparantza nagusian ateratako argazkia izatea, ia jira guztian arkuak zirenez... Baina beste norbaitek iritzi ezberdina izan dezake". Eliasek, berea iritzi bat gehiago zela argi utzi nahi zuen, baina bere ustea indartzeko arrazoi batzuk eman zituen: "Nik idatzitako Guía historica y taurina de Azpeitia liburuko 266. orrian, eta Ignacio Mari Artetxek idatzitako Historias de Azpeitia liburuko 17. orriko argazkietan oinarritzen naiz horrela pentsatzeko". Beheko hau duzue Historias de Azpeitia liburutik ateratakoa.

Perez Arregi plaza

"Ezker aldeko arkua berdintsua da. Gainera, herriaren sarrera zenez, derrigorrezkoa izango zen aurkariari bidea oztopatzea borroka garaian".

Zer, oraindik ez al diozue non dagoen tankerarik hartu? Lasai, erantzuna hemen: "Iruditzen zait Perez Arregi plazan dagoela aterata, Urola trenaren obrak zirela-eta, 1923an, bota zuten Bikuña etxearen aurrean".