Oroigarriak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Kultur Mahaia | Iritzia
2009ko abe. 28a, 16:42

Adinean aurrera goazenoi sarri berdintsuak iruditu ohi zaizkigu urteak, behin pasa eta gero. Memoriaren zulora erortzen zaizkigu, eta gero txatalen bat edo beste etortzen zaigu gogora, pozaren, minaren, nostalgiaren orbana itsatsia duela. Hala ere, asko dira gure bizialdiaren irismenari ihes egiten dioten gertaerak eta garaiak. Haietaz ohartzeko zorroztu egin behar izaten da begia, zaharragoei galdetu, esan eta idatzi direnak aztertu. Akordutik joan, eta ustez betiko itzalean geratuko zaigun hura guztia bestek oroitarazita, edo historiaren makulua hartuta berrosatzen dugu, ahal den moduan. Egunak, urteak, sentimenduak erreskatatzen ditugu putzu handi itsu horretatik. Eta oroigarrien premia izaten da.

Hala, 2010. eta 2011. urteak seinalatuak datoz gurera, urteurrenen marka bereziarekin. 700 urte beteko dira Gaztelako errege Fernando IVak Azpeitiari herri-gutunak eman zizkiola. Alegia, Gaztelako erregearen araupean udalerri moduan antolatuta bizitzeko baimenak jaso zirenetik joan dira zazpi mende. Gaztelako erresumaren bilakaeratik Espainia osatu zen gero, eta Azpeitiak batari eta besteari lotuta egin du gaurdainokoa, XVIII. mende hondarrean eta XIX.aren hasieran Frantziako Errepublika eta Napoleonen Inperioaren azpian egin zituen urte bakanak kenduta.

Urte asko dira 700, eta lausoa ageri zaigu iragana, beti nagusi izan diren jendarteko taldeek ezarri izan dutelako historia ofiziala hizki handitan. 2000.ean 800 urte bete ziren Nafarroako erresumak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa galdu eta Gaztelak beretu zituela. 2012an Nafarroa Garaiaren konkistak 500 egingo ditu. Data horien aurrekoak eta ondorengoak hobeto ezagutzeko pizgarria behar duenarentzat apropos gerta daitezke efemerideak.

Historia gizarte zientzia den aldetik, inoizka gizarteratu beharko lirateke bere lorpenak eta eztabaidak. 700 urte horien aitzakian, gure herriaren inguruan sortutako hainbat eta hainbat galderari erantzuten saiatzea ez genuke kalteko.

Esaterako, hiri-gutunak eta Behe Erdi Aroko gure inguruko monarkien estrategia politiko-militarrak zertan izan ziren. Edo, Azpeitiak eta Urola bailarak zer egiteko jokatu ote zuten Nafarroa eta Gaztelaren arteko borroka haietan. Eta, Azpeitiko herritarren unean uneko identitate eta atxikimendu nazionalaz zein politikoaz ere galdera franko egin daiteke. Halako batean ikusgarri egiten hasiko zaizkigun mende guztiotako emakumeak, baztertuak aipatu gabe…

Badakigu gezur (propio ezkutatu edo antzaldatutako gertaerak) asko kontatu zaigula, eta ipuin asko irentsi dugula historiaren izenean. Herriak eta pertsonak zapaltzeko arma izan da beti, eta gaur egun ere hala da. Historia faltsua des-kontatu eta des-ikasi kalean, eskolan, lantokian, etxean egiten da…Eta hori ere burutu beharreko lana da, baina, ahal dela, guk geuk gezur berriak sustatu gabe.

Ez dut uste, konparazio baterako, Erdi Aroan euskaldunak bildu zituen estatu bat izateak (Nafarroako erresuma) zilegitasun mendrerik eman edo kentzen dienik 2009.eko independentzia zaleen xedeei.

Nazio modernoa gara (kontzientzia berria duena), eta nazio kontzeptua ere modernoa da. Ikertu beharra dago nazio honen izate kulturala eta politikoaren nondik norakoez. Oso gutxi dakigu oraindik, alderdi asko propio ezkutatu zaizkigu, eskolak eta jakintzaren bide larrienak zapaltzaileen eskura egon izan dira.

Zer izan garen, zer garen jakin nahiko genuke, eta batez ere, zer izan nahi dugun erabaki.

Garbi dago, Azpeitia inguru hauetan Gaztelak hiri-gutuna eman aurretik ere bazela bizimodu antolaturik. Badakigu XI. mendean Iruñako apezpikutzaren menpean bazela Iraurgi izeneko bailara, eta orduan Nafar erresumako lurrak zirela hemengoak, baina hori gutxi jakitea da.

Erdi Aroari, Antzinaroari eta are Historiaurreari erreparatzea premiazkoa da, zeren gainean bizi garen jabetzeko. Ilunean dagoenak guztiaren beharra du. Baina aldi historiko horien azterketa gure gaurko argudioak indartzeko baliatzeari arriskutsua deritzot.

Errege erdi feudalen gorabeherak gaur egungo ikuspegi nazionaletik irakurtzeko kontu handia behar da.Gure albumeko zenbait argazki hauskorrak dira: azpeitiar batek baino gehiagok hartu bide zuten parte Iruñako 1521ko maiatzean nafarren kontrako defentsan; Harispe marexal baigorriarraren chassseurs basques direlakoei aurre egingo zioten makina bat azpeitiarrek 1794 hartan; 1936eko irailean, berriz, Soltxaga kolpista nafarraren aginduetara Azpeitia armaz hartu zutenen artean azpeitiarrik bazen… Esan dugu, badakigu nortzuk ezartzen duten historiaren bertsio ofiziala, eta ez dago kanpora zertan begiratu, inon ez baita dominaziorik tinkotu etxekoen konplizitate edo aitzindaritza gabe.

Borondate politiko txalogarrienarekin eginda balitz ere, ez da zintzoa historia aurretiaz dauzkagun ideietara moldatzea. Historiak jendeak denboran zehar izan dituen jokabideen ulerpideak ematen ditu. Jazoeren eta pertsonen atzean zeuden interesak, presioak, sentipenak, pentsaera. Zaila da hezur-toki handi horretatik bildutakoaz arrasto garden, zehatzik ateratzea. Baina horixe da, nik uste, historiak berezkoen duen erronka. 

700 urte hauek ez dakarte ezer ospatzeko modukorik Azpeitian, ez bada erdi galdua eta galdu arazia dugun memoriaren aldarria, eta historia ezagutzeko grina piztea. Ikerketari ekin eta dibulgaziori lagundu. Eta gogoeta eta eztabaida eragin herrian.

Memoria ahultzen doakigun heinean historiaren premia gero eta handiago sumatzen dugu. Egunak, urteak, sentimenduak erreskatatu nahi izaten ditugu historiaren putzu handi itsu horretatik. Eta, dezakegun mailan, datozenentzat lan batzuk aurreratuta utzi, geroaren oroigarri.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu