Kultur Mahaiak dio urte ona izan dela

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Kultur Mahaia | Kultura
2011ko abe. 3a, 12:12

Ostegun gauean egin zuen batzarra, eta abenduaren 10ean (larunbata) bazkideen batzarra egingo du, Baigera I aretoan, 11:00etan

Kultur bilguneak Sanagustin osatuaren kudeaketa dauka uztailetik, eta kulturguneak harrera ona eta dinamika handia du, kultur komunikabideetan aurrerapausoak eman ditu Mahaiak, eta beste ekimen batzuk ere jarri ditu abian. Horrez gain, dagoeneko 352 bazkide dira Kultur Mahaian

Kultur Mahaiak ostegunean egindako batzarreko irudi bat.  Argazki originala

Atzo (osteguna) gauean egin zuen Azpeitiko Kultur Mahaiakurteko hirugarren batzarra, Baigera I aretoan, eta aurtengoa "urte ona" izan dela iritzi dio. Horren erakusle, 2008ko azaroaren bukaeran urteko plangintzak egiten hasi zenetik egindako bidea eta izandako lorpenak aipatu zituen Mahaiko Talde Eragileko kideek.

"Kultur Mahaiak hiru ardatz finkatu zituen oraintxe dela hiru urte: 

- Kultur azpiegiturak (Sanagustini lehentasuna).

- Kultur komunikabideak sortu.

- Kultur egutegia orekatu. 

2011n egindakoa gogoratuz: 

- Iazko abenduaren erdialdean Udalarekin elkarlanean Sanagustin kulturgunea ireki ostean, aurtengo uztailean osatu egin dugu eta eguneroko dinamika du. Kultur Mahaiak hartu du kudeaketa. Harrera ona izan du kulturguneak, martxa handia dago (lehen lau hilabeteetan 54 ekitaldi), eta orain arte arlo ekonomikoan aurreikusitakoa betetzen gabiltza. (Ikusi Sanagustin osatuaren lehen 100 egunen balantzea)

- Komunikazioan: Sanagustineko weba sortu dugu (eta haren sare sozialak; Facebook-en dagoeneko 1.200 jarraitzaile ditugu), kulturguneko panela jarri dugu eta hileroko eskuko agenda egokitu

- Horrez gain: II. Kulturaldia antolatu dugu, bazkidetzan gora egin dugu (352 gara une hauetan), soziedadeen hartu-emana gehiago sustatzeko mus txapelketa antolatu dugu, entitate ekonomikoekin lankidetzan hasi gara (aurrena, Domusa kooperatibarekin)...".

Talde Eragileak batzarrean azpimarratu zuenez, "Kultur Mahaiko kide denen ekarpena garrantzitsua izan da, alor orokorretan (kultur azpiegiturak...) bat eginda aritu garelako. Sanagustineko langileen lana ere inportantea izan da. Udala ere inplikatu da". Eskerrak eman zizkien denei.

2012an, aipatutako arloetan aurrerapausoak emateaz eta oinarri batzuk jartzeaz gain (Sanagustinen, adibidez: kooperatibizazioa garatu, ekitaldien antolakuntza irizpideak finkatu, diru iturri berriak lortu...), kultur egutegia orekatzeko lanari eutsi beharra diola esan du Kultur Mahaiak (oreka diziplina aldetik, data aldetik, espazio aldetik...).

Herriko kultur talde denek (22ek), udal taldeek, kultur teknikariek eta norbanako batzuek osatzen dute Kultur Mahaia.

Abenduaren 10ean (larunbata) bazkideen batzarra egingo du, Baigera I aretoan, 11:00etan

Batzarreko beste hiru irudi lapikue.net-en

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu