Kultur Mahaiaren talde eragilea sortzeko ekarpenak egingo dituzte elkarteek

Erabiltzailearen aurpegia Uztarria.com 2007ko aza. 16a, 11:11
Udal ordezkariak eta elkarteetakoak atzo, udaletxean, Kultur Mahaiaren bileran.

Kultur Mahaiaren bilera egin zuten atzo Udalak eta taldeek; ia 30 lagun bildu ziren

Azaroaren 27rako talde dinamizatzailearen funtzionamenduaz proposamenak egingo dituzte, eta abenduaren 4an bilduko da berriro mahaia

Atzo (osteguna) iluntzean bildu zen berriz ere Kultur Mahaia, udaletxean, eta Azpeitiko udal ordezkariak eta kultur elkarteak abenduaren 4rako geratu dira berriro egiteko bilera, Kultur Mahaiaren talde eragilea sortzeko eta honen funtzionamendua zehazteko asmoz.

Leire Lazkano (EAE-ANV) Udal Kultura batzordeburuak deituta egin zuten bilera atzo, eta denera 27 lagun bildu ziren. "Kultur dinamikak herritarra izan behar du. Horretarako, eragileen parte-hartzea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta hori bermatzea nahi dugu", zioen.

Kultur Mahaiaren helburuak definitu nahi ditu Udalak eragileekin batera, eta funtzionamendua adostea. Bide horretan, talde eragilea sortzea garrantzitsua dela deritzo. Gauza bera zioten atzo hainbat elkartek. Duela gutxi kirol arloan talde eragilea edo dinamizatzailea sortu zuten Udalak eta kirol elkarteek.

Talde eragilea sortu aurretik, honen funtzionamendua nolakoa izango litzatekeen adosteko elkarteek ekarpenak egingo dituzte azaroaren 27a bitartean. Udal Kultura Batzordeak ekarpen horiek denak jasoko ditu, eta abenduaren 4ko bilera baino lehenago elkarte denei helarazi egingo dizkie.