Jabier Altuna EAJko alkategaiaren adierazpenen aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2023ko mai. 25a, 09:12

Ez gaituzte ezustean harrapatu EAJko alkategaiak Esklabetako ezker hegalari buruz egindako adierazpenek.

Guztiok dakigun moduan, urte luzeetan zehar, inork ez zion jaramonik egin Esklabetako eraikinari, baliabiderik gabeko gazte talde bat behar sozial eta politikoiei erantzuna emateko erabiltzen hasi zen arte. Agerikoa denez, EAJko Jabier Altunari ez dio axola eraikinak, bere barnean garatzen den aktibitate politiko eta sozialak baizik. Langile autoantolaketarako deiak eta bertan sortu diren tresna ezberdinek kezkatzen dute, ideien arteko gudak kezkatzen du. Inongo aho-bizarrik gabe EAJ barnean estrukturala den ustelkeria salatu izanak kezkatzen du, baita, zapaltzaileen alderdian egoteak emandako inpunitatea salatzeak ere, besteren artean.

Ez gaitu harritzen, bederen, legearen eta justiziaren aldeko apologia egiteak, izan ere, legeak ahalbideratzen du bizi dugun egoera tamalgarria: milaka etxe huts edota hamarnaka etxe dituzten maizterrak dauden bitartean familien etxe kaleratzeak gauzatzea, milaka pertsona mixeriara kondenatzea, enpresariek langileekiko duten inpunitatea bermatzea, EAJren lagun diren Petronorrek edota Iberdrolak milaka familia estuturik izatea eta abar. Finean, beraien alderdia eta interesak defendatzeko egiten dituzte legeak. Eurek eurentzat, alegia.

Argi gera dadila: okupak gara halabeharrez; gure jarduera aurrera eramateko inolako baliabide materialik ez dugulako. Okupak gara, alderdi instituzionalen morroi ez izateko hautuan hauen onespenik espero ez dugulako, are gutxiago, gure beharretara egokitzen den ezer oparituko ez digutela kontuan izanda. Guk hasieratik izan dugu akordio batera iristeko borondatea eta oraindik hitzezkoa soilik den akordio prekarioa besterik ez dugu. Azpiegitura huts bat zena, herrian aktibitate handienetakoa duen espazioa da orain, eta gainontzeko eragileek duten gauza bera eskatzen dugu: estabilitatea eta oinarrizko beharrak (ura eta argia) asetuta izatea.

Herritar ugari dira Esklabetako Zentro Sozialistaren teilatupea bere babestoki dutenak: azpiegitura hobetzeko eta mantentzeko lanak egiten alea jartzen dihardutenak, dituzten arazoei aurre egiteko tresnak hor aurkitzen dituztenak, asteroko elikagaiak bertatik jasotzen dituztenak, lan aholkularitza jaso eta gatazkak aurrera eramateko elkartasuna jasotzen dutenak, bizitokia dutenak, bertako eskaintza kulturalaz gozatzen dutenak, oholtza lehen aldiz zapaltzeko ohorea izan dutenak…

Esanguratsua egiten zaigu, bizi dugun mixeria orokortuaren aurrean, hauteskunde kanpaina bete-betean, okupazioaren auziari horrelako zentralitatea eman nahi izatea. Esanguratsua da, gure aurka, faxisten eta oro har eskuin muturraren kohesiorako fabrikatu duten diskurtso antiokupa irrazionala elikatzeko besterik balio ez duten adierazpenak egitea. Hau ez dugu berria ordea, lehen ere, nahiago baitzuten gure herrian mamuekin bizi izan zen gatazka (liskarrak, atxilotuak eta abar) hainbat proiektu sozial eta politiko aurrera eramaten duen espazio bat errespetatzea baino.

Azkenik, EAJ, zapalduen interesen alde musutruk ekinean dabiltzan boluntario eta militanteei baliabide publikoen erabileraren gaineko lekzioak ematen ibiltzea guztiz zinikoa iruditzen zaigula azpimarratzea nahi dugu. Nork eta, baliabide publikoen pribatizazioaren, eraikuntza enpresen irabaziak puzteko herritarrak zorpetzearen, faborezko kontratu publikoen eta baliabide publikoak langileak erreprimitzeko bideratzen maisu diren horiek. Hamaika ikusteko jaioak gara! Ez ditzagun mamu zaharrak hauspotu.