Esklabak Zentro Sozialistaren laugarren urteurreneko egitaraua, osatuta

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko urr. 17a, 14:20

Hilabete honetan betetzen ditu 4 urte Esklabak Zentro Sozialistak, eta horren harira, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak ondorengo spota eta egitaraua prestatu ditu larunbaterako.

Esklabak Zentro Sozialistak laugarren urteurrena ospatuko du urriaren 22an, larunbata. Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak urriaren hasieran jakinarazi zuen larunbateko egitarauaren zati bat, eta gaur osatu dute egitaraua. Hain zuzen ere, arratsaldeko kontzertuak nork emango dituzten jakinarazi dute; lehenik, La Pulga eta lagunek flamenko ikuskizuna eskainiko dute, eta ondoren, Broken Brothers Brass Brand taldea ariko da zuzenean.

Era berean, egun horretan 3x3 eta triple txapelketak jokatuko dituzte 10:00etatik 13:30era, eta gaur amaituko da horietan izena emateko epea. Azpeitiko Haginpe tabernan eta Zestoako Portale kultur elkartean eman daiteke 3x3 lehiarako izena, baita Esklabetako atarian eta saskitxapelketa@gmail.com helbidera idatzita ere. Hiru eta bost pertsona arteko taldeak osatu beharko dira, eta izena ematean, taldearen izena eta kontakturako telefonoa zehaztu beharko dituzte. Hogei euro ordaindu beharko da taldeko, eta hori ordaintzean, partaideek bazkaritarako hiru txartel jasoko dituzte opari. Partidak 10:00etan hasiko dira, baina parte hartzaileek 09:30erako bertaratu beharko dute. Triple txapelketa, bestalde, partiden artean izango da, eta hantxe bertan eman beharko da izena. Sari banaketa bazkalostean egingo dute. Azpeititik kanpoko jendeak dutxatzeko aukera izango du; horiek izena ematean jakinarazi beharko dute.

Gainera, saskibaloi txapelketa amaitzean, bazkaria egingo dute; 14:30ean hasiko da otordua. Ondoren, berriz, aurrez aipatutako kontzertuak izango dira. Bazkarirako eta kontzertuetarako sarrerak hamar euro ordaindu beharko dituzte langabetuek, eta hamabost euro landunek.