Euskal Herriko langile autodefentsa sareen esperientziak eta irakaspenak izango dira hizpide gaur arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2022ko mai. 20a, 11:15

Euskal Herriko hainbat herritako langile autodefentsa sareetako kideek mahai-ingurua eskainiko dute gaur arratsaldean Azoka Plazako areto nagusian. Bertan, beraien esperientziez eta borrokatutako gatazka laboralen inguruan hitz egingo dute, irakaspenak mahaigaineratzeko eta elkarbanatzeko helburuarekin.

Euskal Herriko Langile Autodefentsa Sareak izeneko mahai-ingurua izango dugu gaur, 18:30ean, Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian. Maiatzaren Lehenaren harira antolatutako egitarauaren azken saioa da gaurkoa, eta Azpeitian egingo dugun bakarra. Izan ere, joandako asteetan Azkoitian eta Zestoan izan ditugu hitzaldiak. Solasaldi horietan Esklabetako autodefentsa laboralerako bulegoaren nondik norakoak, orain arteko esperientziak eta aurrera begirako asmoak izan genituen aztergai beste hainbat auzirekin batera.

Gaurkoan Euskal Herriko beste hainbat herritatik etorriko dira Azpeitira, beraien autodefentsa sareen jardunaren berri emateko, landutako kasuak zein esperientziak partekatzeko eta irakaspenak elkarbanatzeko. Besteak beste, Beasaingo eta Buruntzaldeako langile autodefentsa sareetako kideak izango dira gaurkoan Azpeitian.

Esklabetako autodefentsa laboralaren bulegoak urte bat bete berri du. Horren harira eta Langileon Nazioarteko Egunaren bueltan antolatu dugu gaurko mahai-ingurua. Izan ere, ezinbestekoa ikusten dugu autodefentsa laboralerako tresna propioak garatzen joatea. Aholkularitza laboralaren proiektuak duen urtebete eskaseko ibilbidean kasu ugari izan ditugu esku artean, eta balio izan digute eskualdeko langileen egoerak gertuagotik ezagutzeko. Testigantzetako batzuk audioz jaso genituen eta bideo honetan dituzue entzungai.