Orain arteko ibilbidean aholkularitza laboraletik ateratako irakaspenak

Erabiltzailearen aurpegia

Badira sei hilabete Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik aholkularitza laborala martxan jarri genuela. Orain, Gabonak iristear diren honetan, ibilbide motz honetatik ateratako irakaspenak mahaigaineratu nahi ditugu.

Ikusi dugu bizitzaren hainbat aspektutan ematen ari den prezioen gorakada geldiezina dela instituzioen partetik: argindarra, oinarrizko elikagaiak, petrolioa... Eta fenomeno horrek berehalako ondorioak dakartza langileon poltsikoetan. Horrela, langileon soldata erreala jaisten ari da etengabe, gure diru sarrerak erlatiboki askoz ere txikiagoak baitira soldatapeko lanetik jasotzen ditugun sarrerekin alderatuta.

Langileok lepotik lotuta daukagun katea estutzea tokatzen da Gabonetan ere, kaleko argiek errealitate iluna estali nahi badigute ere. Soldatapeko lanean gure jefeek etekinak beherantz doazela ikustean, langileok estutzen gaituzte beren negozioak salbatzeko. Hori dela eta, lanean jasaten ditugun zapalkuntza ezberdinak salatzeak berebiziko garrantzia dauka urteko sasoi honetan ere.

Jasotako esperientzia ezberdinetatik ikusi dugu mila modutara ematen direla irregulartasunak lanean, baina hauek sozializatzea ez da nahikoa. Horregatik, aholkularitzatik egun dauzkagun gaitasunekin, laneko arazoak konpontzen dihardugu langileon antolakuntzaren bitartez. Garbi dago zenbat eta indar gehiago batu, oraindik eta gaitasun handiagoa izango dugula enpresaz enpresa, sektorez sektore ematen diren zapalkuntzei aurre egiteko.

Orain aurrez aurreko harremanetarako etenaldi bat hartuko dugu Gabonetan, eta urtarrilaren bigarren astean itzuliko gara berriz bulegora. Hala ere, martxan jarraituko dugu eta telefonoz nahiz korreoz aukera egongo da gugana jotzeko.

Beraz, Gabon hauetan ere, oporrekin, lanordu extrekin, etengabeko ordutegi aldaketekin... Ez diezazutela adarrik jo. Arazoak badituzu lanean edo inguruan halako egoerarik ezagutzen baduzu, jarri gurekin harremanetan.

Telefonoa: 611 641 367.

E-maila: urolaerdialaborala@gmail.com.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide