GUTUNA

Elikagai Bankuaren adierazpenaren eta mehatxuen harira

Erabiltzailearen aurpegia

Azken urtean zehar gure posta elektronikoan mehatxu forman iritsitako mezuak zein Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian agertutako adierazpenak direla eta, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistaren izenean, ondorengoa esatea dagokigu:

Gure biltegia jada urte eta erdiko ibilbidea duen ekimena da. Hasiera batean –pandemia bete-betean–  Oinarrizko Elikagai eta Produktuen Bankua gisara izendatu bagenuen ere, badira hilabete batzuk Oinarrizko Produktuen Biltegia deitzen diogula, gure izaera hobeki definitzen duela iritzita. Gainera, argi utzi nahi dugu gure jarduna gure eragilearen izenarekin eraman dugula aurrera beti, hasiera batean Krisiaren Seme-Alabak Sare Sozialista gisa (ondoren desegingo zena) eta, jarraian, horren ondotik sortutako Urola Erdiko Kontseilu Sozialista gisa. Beraz, gure ustez, azken urtean jaso ditugun mezu guztiek (hartzaileentzat bideratutako mugikorrera deituz, postaz mehatxu formako mezuak bidaliz, produktuen jasoketa mahaietan boluntarioei azalpenak exijituz, orain prentsa ohar baten bitartez...) “nahasmenak eta gaizki ulertuak saihesteko” borondatetik haratago, Elikagai Bankuaren izaera definitu besterik ez dute egiten.

Izan ere, Gipuzkoako Elikagai Bankua Espainiako Estatuko beste Elikagai Banku guztiak kudeatzeaz arduratzen den FESBAL elkartearen parte da. Akonfesional eta apolitiko gisa autoizendatu arren, jakinekoa da Opus Deirekin duen lotura –sorreretatik hasi, eta hiriburu nagusietako zuzendaritzetara–. Esaterako, Ana Botella Madrilgo “ohorezko zuzendari” izendatu zuten (hortik Gescarterako kasuak), enpresa eta supermerkatu handiekin kolaboratzen dute (bide honetan SAT sindikatuak protesta gisara expropiatutako elikagaiak ez onartzeaz gain, horiek salatu eta Carrefour bezalako enpresen alde posizionatu ziren) eta hemeroteketan begiratuz gero, FESBALEN izaera definitzen duten hainbat eta hainbat kontu gehiago aurkitu ditzakegu.

Guzti honek erakusten digu kudeatzen duten miseriaren erantzuleak direnekin elkarlanean diharduten elkarte hauen izaera neutralizatzailea. Alde batetik, pobreziaren eta kapitalismoaren miseriak kudeatzeaz arduratzen dira, berau zilegiztatuz, pobrezia orokortu zein gosearen ondorio desesperatu espontaneo posibleak ekidin edota kasu honetan bezela, espresio antolatuekin zuzenean konfrontaziorako bideak irekiz.

Gure iritziz, XXI. Mendeko baliabide zein aurrerapenekin, gure eskualdean gosea duten familiak egotea kapitalismoaren izaera eta honen logika miserablearen ondorio besterik ez da, are gehiago pandemiaren erdian, oinarrizko elikagai, elektrizitate, gasoil eta abarren prezioak etengabe goraka joan direla ikusirik. Bide honetan, argi dugu gosearen auzia gainditzeko bide bakarra gizarte eredu anker honi erantzuteko gaitasunak dituen antolakuntza dela. Hori da gure apustua eta Oinarrizko Produtuen Biltegiaren helburu nagusia, klase elkartasuna eta independentzia politikoa oinarri, esparru proletarizatuenarekin elkarlanean, langileriari antolatzeko tresnak eta baliabideak eskeintzea, sozialismoaren eraikuntzan lan-lerro eraginkorrak garatuz.

Amaitzeko, ez dugu aipatu gabe utzi nahi hauek elikatzen, babesten eta goraipatzen dituzten instituzio “progresisten” ardura, herritarren oinarrizko elikagaien bermea honelako erakunde erreakzionarioengan delegatuz, guri oztopoak besterik jartzen ez dizkiguten bitartean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide