Kurro, Pelitxo, Pelu eta Txapas gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko mar. 22a, 14:09

Kontseilu Sozialistak Pasaiako segadan hildakoak oroitzeko ekitaldia egin zuen atzo. "Guri ere badagokigu iraganeko borroken irakaspenetatik ikastea eta zapalkuntzaren aurkako borrokan aurrera egitea", adierazi dute. 

Gaur 37 urte bete dira Komando Autonomo Antikapitalistetako kide ziren Kurro, Pelitxo, Pelu eta Txapas erail zituztenetik. Orain arte eduki izan ditugun bezala, aurten ere gogoan hartu ditugu Pasaiako segadan eraildako militanteak. Hori dela eta, ekitaldi xume bat egin genuen atzo Azpeitian.

1984ko egun hartan polizia indarrek enboskada bat prestatu zuten, eta Komando Autonomoetako lau militante erail zituzten 113 balaz. Kurro, Pelitxo, Pelu eta Txapas. 37 urte justiziarik gabe. Tiro haien oihartzuna gaur arte iristen da.

Epaitegiek estatu terrorismoaren aurrean beste alde batera begiratu dute, burgesiaren aparatu errepresiboaren parte direla erakutsiz. Militante iraultzaileentzat justizia prozesu iraultzaileak berak egingo du.

Mugimendu autonomoak mugimendu iraultzaile bezala, bere ekarpena egin zion prozesu iraultzaileari. Hain zuzen, proletalgoaren emantzipazioa lortzeko, langileriaren autonomia/independentzia politikoaren beharrezkotasuna azpimarratu eta praktikara eraman zuten, langileriaren auto-antolakuntzaz. Horregatik, gure eginbeharra ere bada beren herriarengatik eta klasearengatik bizitza eman zutenak oroitzea, haien izenak eta borrokak langileriaren oroimen kolektiboan bizirik manten daitezen. Horretara dator atzo egindako ekitaldi xumea. Guri ere badagokigu iraganeko borroken irakaspenetatik ikastea eta zapalkuntzaren aurkako borrokan aurrera egitea.

Kurro, Pelitxo, Pelu eta Txapas, langile mugimenduaren oroimenean betiko!