Argazki jendetsua eta adierazpena, Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko mar. 21a, 13:57

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik honakoa adierazi nahi dugu:

Arrazakeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna den honetan, Urola Erdiko Kontseilu Sozialistatik honako hau adierazi nahi dugu:

•        Beren burua arrazistatzat dutenak gutxi badira ere bere, arrazakeriarekin lotura duten jarrerak gure artean daude egunerokoan. Horren adibide dira, esate baterako, oinarrizko produktu eta elikagai bankuaren eguneroko jardunean bizi behar izaten ditugun keinu zein mezu diskriminatzaileak, edota gure bilketetan zein zozketetan nabari dugun parte hartze desberdindua aurpegia ematen duen boluntarioaren jatorriaren arabera.

•        Atzerritik ezer gutxirekin datorrena, arrazoi ekonomikoengatik deserriratua, zukutzeko haragi freskoa besterik ez da burgesiarentzat. Hemen onargarriak ez diren lan baldintza eta soldata umiliagarrietan lan egitera behartuta dagoen eskulan merkea da atzerritarra, sarri esklabutzatik gertu dagoen egoeran bizirautera kondenatua dena.

•        Horrela, burgesiaren estatu aparatuek, migrazio eta mugetako kontrol politiken bidez, langile irregularren ekoizpena ahalbidetu eta haren fluxua kontrolatzen dute, ekoizpenean 'berme' legaletatik haratago esplotatzeko bidea irekiz, eta aldi berean, dominaziorako jazarpen sistema oso bat egituratuz.

•        Aipaturiko arrazoiengatik, eta elkartasun antolaturik ezean, bertako langileentzat parekorik gabeko konpetentzia gisa figuratu ohi ditugu atzerritik datozen langileak.

•        Konpetentzia 'desleial' horren izate nagusia, ordea, migratzaile askoren muturreko pobreziak eta egoera irregularrak determinatzen dute, pobrezia horren zergatiak hein handi batean herrialde 'aurreratuen' dinamikan bertan aurkituko ditugularik. Izan ere, burgesiaren aparteko irabazien iturria eta europako klase ertainaren paradigmaren zutabe diren inperialismoaren atzaparrek eremu geografiko zabaleko milioka langileren miseria eragiten dute. Langile horietako asko migratzean, paperik gabe, eskubiderik gabe, dirurik gabe, arautu gabeko lan jarduerak egin beharrean aurkitzen dira.

•        Horren aurrean, klase esplotatzaileak bi aurpegi erakusten ditu. Batetik, milioika pertsona indarrez deserriratzen ditu, migraziora behartzen ditu; eta bestetik, lan esku merkea jasotzen duten herrialdeetan langileen arteko zatiketa bultzatzen dute. Egoera horretan, diskurtso nazionalistak arrazistak... indarra hartzen dute.

•        Langile klaseak aldiz, bere interesak defendatzeko, kontrako noranzkoan lan egiteko beharra du. mugaz gaindiko antolakuntza internazionalista garatzea ezinbestekoa du, mundu mailako botere kapitalistari aurre egiteko aukera bakarra hori izanik. Hain justu,

1. Milioika herritarrentzat migrazioak biziraun ahal izateko bitarteko izateari uzteko lan egin behar dugu.

2. Mugetako kontrol politikekin eta migrazio politikekin amaitzeko apustua egin behar dugu. Langileen arteko edozein motatako zatiketa eta bereiztasunekin amaitzea –arrazismoa, sexismoa…– ezinbestekoa izango da.

3. Guztiok lan egiteko eskubide/betebeharra izateaz gain, besteen lanarekiko probestea eta dominazioa dakarren harreman sozial ororekin amaitzeko hautua muturreraino eramatea dagokigu.

Arrazakeriaren aurka, langile batasunaren alde,

bertakoa ala atzerrikoa, langile klase berekoa!