Gutuna

Kontseiluari erreferentzia eginez argitaratutako gutunaren inguruko argipenak

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista 2021ko mar. 19a, 18:26

Gaur goizean Kontseiluari erreferentzia eginez argitaratutako gutunaren inguruko argipenak eman beharrean ikusi dugu gure burua. Garbi utzi nahi dugu ez dugula uste hau denik eztabaidarako plaza. Hona hemen Kontseilu Sozialistaren azalpen gutuna.

Lehenik eta behin, eztabaidarako herri aldizkariko publikazioa baino bide aproposagoak erabiltzea gustatuko litzaigukeela adierazi nahi dugu. Eztabaida publikoa den momentutik, gure ikuspegia ere publikoki azaltzea dagokigu. Izan ere, gaia aurrez, eta besteak beste, zuekin ez ebatzi izanaren ardurari uko egin gabe, (ikuspegi komunikatibotik sor zitezkeen nahasmenak saihesteko mekanismoak aurrez adostea tartean) hedabide honetan atera diren elementuen gaineko ikuspuntua eman beharrean ikusi dugu gure burua.

Bigarrenik, dakizuen moduan, oroimen historikoaren inguruko ikuspegi desberdinak daude, eta iraganean ere egon izan dira. Hori da, gure iritziz, eztabaida honen erdigunean dagoena. Zuek adierazi bezala, "ikusmolde ezberdineko kontsentsu zabal bat lortzeko asmoz, edonolako lerratze ideologikotik urrundu" da Pasaiako sarraskiaren inguruko ekimena. Horretarako, ordea, eraildako militanteen jardueraren nahiz beren militantzia bultzatu eta sostengatu zuten printzipio politikoen muturreko banalizazioa bilatu da. Hau da, kontsentsuaren izenean, propio, eduki politikoa erauzi zaio; eta horren jakitun gara (gutunean kontrakoa iradoki baduzue ere), aipatutako ekimen horietan (ekitaldietan parte hartzen, egitasmoak zabaltzen, kontzertuak antolatzen...) parte aktibo izan baikara gaur egun Kontseilu Sozialistako militantzia osatzen dugun kideok.

Eduki politikoz huste hori, era berean, bi arrazoi nagusirekin azal daiteke:

Batetik, erailketaren egileak diren instituzioek, beraiei zuzendurik injustiziaren errekonozimendua bilatzeko, auzitegietan egin den bideak. Izan ere, uler dezakegu, horretarako garrantzitsua izan zitekeela edonolako jendearen eta eragileen babesa. Orain, bide hori itxita dagoelarik, ez dugu uste aukerarik egokiena denik. Izan ere, eduki politikoz hustean, memoria historikoari ekarpena egin ordez, memoria historikoa bera bortxatzen da.

Bigarren arrazoi nagusia da egun dinamika hori sostengatzen duen aktore politiko nagusiak, Ezker Abertzale Ofizialak, mugimendu autonomoarekiko nahiz langileriaren auto-antolakuntzaren espresio ezberdinekiko izan duen eta egun duen etsaitasun posizioa. Horrek eta propio duen estrategia politikoak, militante politiko haien borrokaren oroimena termino politikoetan egitea galarazten die. Horregatik egokiagoa zaie, "lerratze ideologiko zehatzetatik" urruntzea.

Gure ustez, ideologia ezberdinetako jendea batzeko izaera politikoa baztertzeak berak ez garamatza nolabaiteko neutraltasun ideologiko batera, are gehiago, ideologia konkretu bat erreproduzitzen du. Hau da, posizio politiko hegemonikoek beren posizioak bultzatzeko erabiltzen duten estrategia da. Ez da kasualitatea, edo behintzat esanguratsua zaigu, gutuna publikatu orduko, Sortuk hainbat kanaletatik ika-mika honetatik etekin politikoa ateratzeko egin duen saiakera: itxuraz desbinkulatu arren, ika-mika zabaltzeari ekin eta bere parte hartzean berresten baita. Gu, ekimen propioz jarduteagatik, alderdikerien, pertsonalismoen eta lehia politikoa sustatzearen erantzuletzat seinalatzea guztiz okerra dela uste dugu, eta edozein militanteren edo talde politikoren oroimena bultzatzeko eta baloratzeko eskubidea eta betebeharra dugula sentitzen dugu, are gehiago, ikuspegi desberdinak ditugun kasuetan.

Behin eztabaidaren funtsa argituta, argi esan nahi dugu, inoren baimenik behar ez izan arren, kontaktuan jarri ginela eta kontaktuan jarraitzen dugula eraildakoen kideak izan ziren militante ohi zein senide batzuekin. Tartean, berandu irudituko zaion arren, kontaktuan jarri ginen gutuna idatzi dutenetako batekin (Peiorekin), gure ekimenak azaldu eta bestelako argipenak emateko asmoz. Zoritxarrez, beste bide bat erabili ordez, auzia publikoki jorratzea erabaki du. Aurrera begira, gure arteko auziak aurrez aurre eta eskatzen duen patxadaz hitz egiteko nahia eta borondatea adierazi nahi dugu.

Amaitzeko, estatu terrorismoaren auziarekin nahiz langileriaren, eta bereziki, disidentzia politikoaren aurkako edozein motatako biolentziekin amaitzeko (eta horrenbestez, berriz errepikatzen ez dela bermatzeko), modu bakarra prozesu iraultzailearen garapenean kokatzen dela azpimarratu nahi dugu. Horretarako, ezinbestekoa zaigu militante horien balio iraultzaileak eta hartutako erabakiak mahai gainean jarri eta bidean eroritakoak oroitzeaz eta ingurukoei sostengua emateaz gain, prozesu historiko hauek kritika politiko zorrotzenetik aztertu eta irakasgaiak ateratzen saiatzea. Interes kolektiboarentzako boluntario lanean ari garenok ez dugu beste inolako interes partikularrik. Iraultza egitea izango da langileon mendekua.

Dei egiten diegu, beraz, herritar orori, beharrezkoak diren eztabaidak lasaitasunez eta zintzotasunez gauzatu eta egingo diren ekimen desberdinetan parte hartzera.