Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko manifestazioa izango da bihar

Erabiltzailearen aurpegia da hau Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista | Politika
2020ko mai. 23a, 17:21

Hamahirugarren borroka eguna du gaur Patxi Ruiz preso politikoak. Egarri greba utzi duen arren, Murtzia II espetxean gose grebarekin jarraitzea erabaki du, eta kartzelan da berriro, ospitalean alta boluntarioa eskatu ostean. Haren borrokarekin bat eginez, Urola Erdiko bost eragilek manifestazioa deitu dugu biharko. Manifestazioa 20:15ean izango da, Azpeitiko plazatik hasita. Zestoako Gaztetxeak, Azpeitiko Gaztetxeak, Urolako Ikasle Abertzaleek, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak eta Gazte Koordinadora Sozialistak deitu dugu Ruizen aldeko mobilizazioa.

COVID-19aren ondorioz ezarritako salbuespen egoera honek presoen baldintzen okertzea ekarri du, bisitak edota gutunak ukatu zazkie presoei eta asistentzia juridiko nahiz medikurik gabe daude hainbat kartzeletan. Patxi Ruiz Murtziako (Espainia) kartzelan dago, Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Han maiatzaren 5etik hainbat presok kontzentrazioak egiten zituzten hainbat aldarrikapenekin: zigorra betetzear zeuden presoak askatzea, bisitak ez ukatzea, osasun materiala lortzea, testak egitea eta gertuko baten heriotza kasuan hiletara joan ahal izatea. Baina maiatzaren 9an kartzelako zuzendaritzako hainbat kidek Ruiz mehatxatu zuten, kontzentazioetako arduradun izatea leporatuta. Egoera larri horren aurrean, Ruizek ebakiak egin zituen besoetan, eta gose eta egarri greba hasi zuen, kartzelako osasun langileek ere egoera gutxiesten zutela ikusita. Hamabi egun egin ditu gose eta egarri greban, eta ospitalean alta boluntarioa eskatu ostean, gose greban jarraitzea erabaki du.

Honako hauek dira Patxi Ruiz presoaren aldarrikapenak:

- Urte hauetan zehar pairatu duen tratu txarra, eta bereziki, Murtzia II kartzelan jaso duena kontuan izanda, Ruizek exijitzen du kartzelak egoera honetan duen ardura bere gain hartzea eta bere osotasun fisikoaren segurtasuna bermatzea.

- Espetxeko zuzendariak, medikuak eta hainbat kartzelarik presoekiko duten jarrera salatzea eta bertan behera uztea. Hau da, mehatxuak, jipoiak eta irainak bukatzeko eskatzen du.

- Bere borroka politikoa dela azpimarratu du, eta bera bizirik ateratzeko baldintza gisa, Euskal Herrira lekualda dezaten exijitzen du; eta berarekin batera gainontzeko euskal preso politiko guztiak ere bai.

- Beste antolakunde batzuetako preso politikoak, Euskal Herrikoak ez direnak, beren bizitokietara eramatea ere eskatzen du.

- Ruizek bere maitasun guztia adierazi nahi die zutik dirauten borrokalariei, baita borrokara eraman zituzten printzipio eta idealak tinko mantentzen ari diren EPPK-ko presoei ere.

- Aldarrikapen horiekin batera, Patxik besarkada estua eta bere eskerrik beroena helarazi nahi die Euskal Herria astindu eta babesa erakutsi dioten pertsona guztiei.

Adierazpen horiekin bat egiten duten herritarrei dei egiten diegu biharko mobilizaziora batu daitezen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu