Patxi Ruiz presoarekin elkartasunean, kontzentrazioa deitu dute gaur arratsalderako

Erabiltzailearen aurpegia da hau Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista | Politika
2020ko mai. 18a, 08:42

Elkarretaratzea izango da gaur, astelehena, 20:30ean Azpeitiko plazan, Patxi Ruiz presoari elkartasuna adierazteko, eta presoei urratutako eskubideak salatzeko. Urola Erdiko hainbat eragilek deitu dute mobilizazioa: Azpeitiko Gaztetxeak, Zestoako Gaztetxeak, Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak, Urolako Ikasle Abertzaleek eta Gazte Koordinadora Sozialistak. Kontzentrazioan segurtasun distantziak betetzea ezinbestekoa izango da, eta bertaratzen direnei maskarilak eramateko deia egin diete antolatzaileek.

Astebete darama gose eta egarri greban Patxi Ruiz preso txantrearrak, Murtzia II espetxean. Maiatzaren 5ean presoen eskubideen defentsan hasitako protesten aurrean mehatxuz erantzun zieten espetxeko zuzendaritzak eta kartzelazainek Ruizi, eta presoak mehatxu horien aurrean gose eta egarri grebari ekin zion. Murtzia II kartzelako medikuak herenegun gauean artatu zuen Ruiz, greba hasi eta bost egunera. Oraindik ezin izan du konfiantzazko medikuekin harremanetan jarri.

Borrokaldiarekin aurrera jarraituko duela adierazi du txantrearrak. 10,5 kilo galdu ditu dagoeneko, eta giltzurrunean min handia nabaritzen hasia bada ere, tentsioa ondo duela baieztatu dute.

Mikel San Sebastian presoa ere gose greban hasi da Ruizekin elkartasunean.

Euskal Herriko txoko ugaritan izan dira egunotan Ruizei babesa agertzeko egin diren mobilizazioak. Gaur Azpeitian egingo den elkarretaratzera bertaratzeko deia egiten dizuegu. Alarma egoerak ez du elkartasuna geldituko.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu