'Antolakuntzari Salbuespenik ez!' dinamikako bigarren saioa: mediku azpeitiar gazte batekin solasean

Erabiltzailearen aurpegia da hau Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista | Gizartea
2020ko api. 3a, 07:10

Hemen da 'Antolakuntzari Salbuespenik ez!' dinamikaren barruan egindako bigarren ikus-entzunezko saioa. Esan bezala, astean behin edo bitan igoko dugu jakintza arlo ezberdinetako adituekin egindako elkarrizketa saioa, eta bideo bakoitzaren amaieran gomendio sorta bat ere emango dugu. Bigarren saio honetan osasun langile batekin egon gara hizketan, azpeitiar mediku gazte batekin, hain zuzen. Hark hainbat azalpen eman dizkigu COVID-19az, eta egoera honen inguruan egiten duen irakurketa partekatu du gurekin.

Bi ataletan banatu dugu elkarrizketa. Batetik, COVID19-aren inguruko informazioaz galdetu diogu; izan ere, hedabideetan nahiz hainbat sare sozialetan dabilen informazio masiboa saihestu eta bertatik bertara informazioa eskuragarri jarri nahi izan dugu herritarrentzat. Beraz, gaixotasunaren inguruko informazio zientifiko osatu bat emango digu gaurko bideoan gure adituak. Bestetik, osasungintzaren inguruko eztabaida mahai gainean dagoela ikusi dugu azken asteotan prentsan eta jendearen ahoetan; agintari politikoen borondate falta pertsonen osasuna ekonomiaren aurretik jartzeko eta osasungintza pribatuaren eta publikoaren arteko ezberdintasunak. Argi geratu da baliabide falta handia egon dela pandemia honi erantzuteko osasun zentroetan, eta, besteak beste, horrek berak ekarri du gaixotasuna erraztasunez kutsatzea; osasun langileen material falta da adibide garbia.

Gure ustez, argi dago zein den instituzio publikoek egin duten apustua: egoera saihestezina bihurtu den arte ekonomia handiak etenik ez du izan, nahiz eta agintari politikoak jakitun izan diren bitarte horretan langileak elkar kutsa zitezkeela, eta ondorioz, herritar guztiok genuela arriskua kutsatzeko. Horrez gain, ebidentzia nabariak zituzten pertsonek, osasun langileek eta aberatsek bakarrik egin ahal izan dituzte probak. Oso larria iruditzen zaigu pandemia hau guztion artean gaindituko dugula esaten diguten agintari politiko horiek beraiek jakinaren gainean egotea hau guztia pasatzen ari zela; zer esanik ez, jarduera ez esentziala geratzeko hartutako erabakiaren aurrean euskal burgesiak hartu duen jarrera.

Beharrezkoa iruditzen zaigu egungo osasungintzaren funtzio kapitalistak mahaigaineratzea, hau da, argi eta ozen esan behar dugu osasungintza, izan publiko ala pribatu, beharrizan kapitalistei erantzuteko bizi dela; hau da, gizarte antolaketa honen logika sozial eta ekonomikoa erreproduzitzeko beste tresna bat besterik ez dela. Beraz, langile klaseak kontrolatutako osasungintza unibertsal eta kalitatezkoaren aldarria egitea dagokigu orain inoiz baino gehiago. Uste dugu osasungintza unibertsalak munduko pertsona guztien ongizatea bermatu beharko lukeela: horrelako epidemiei erantzuteko baliabide eta azpiegitura nahikoa une oro, kasuen diagnostiko errealak egitea, munduko gaixotasun ezberdinen gaineko ikerketa zientifikoaren eta farmazeutika handienen gaineko kontrola, pribilegio pribaturik gabeko zerbitzuak, gaixotasunak pairatzen dituzten pertsonekiko trataera humano bat, zerbitzuen eskaintza zabalagoa eta kalitatezkoa; medikuez gain, dentistak, fisioterapeutak, psikologoakā€¦ Eta noski, osasun langile guztientzako lan baldintza duinak. Oinarrizko eskubideak izan beharko liratekeen elementu hauek guztiak ezin dira gizarte antolaketa kapitalistaren baitan dagoen osasungintza batean bermatu, hain zuzen, oso bestelako helburu batzuk dituelako osasungintza kapitalistak. Beraz, osasungintza unibertsal eta kalitatezko baten inguruan hausnartu beharrean gaude, ez baditugu behin eta berriz katastrofe sanitarioak eta ekonomikoak bizi nahi.

Kontu hauen inguruan galdetu diogu gaurkoa saioan mediku bati, Eiderri. Bera Gasteizko Txagorritxuko ospitalean dabil lanean, eta dakigunez, birusak gogor jo du hiri horretan; beraz, hari gertutik bizitzea tokatzen ari zaio egoera hau.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu