'Antolakuntzari salbuespenik ez' bideo sortaren aurreneko saioa

Erabiltzailearen aurpegia da hau Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialista | Politika
2020ko mar. 27a, 15:22

Antolakuntzari Salbuespenik Ez dinamika hasi dugu Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistatik, eta dinamikaren barruan hainbat ekimen martxan jartzekoak gara. Hasteko, gure herrian bizi ditugun errealitateen testigantzak biltzen gabiltza: izan hartu diren neurri ekonomikoen eta sozialen ondorioak beren azalean bizi dituzten herritarrenak, herrian bizi diren etorkinenak, etxeko langile egoiliarrena, edo oro har, arlo sozialean zein politikoan gertatzen diren koertzio kasuak. Oraingoz, testigantzen bitartez informazioa bildu eta herriko argazki orokor bat egitea da gure asmoa, eta horrekin interbentzio formak hausnartzea edo kasu ezberdinak publikoki salatzea. Dena den, langileen auto-antolakuntza eta klase elkartasuna hauspotzera bidean, gure ekarpena egin dezakegun lan lerroak aztertzen eta horietan nola esku hartu dezakegun aztertzen ari gara; egoeraren konplexutasunaz jabetuta, beharrezko zaizkigun bermeekin lan egin ahal izateko formak aztertzen hasiak gara.

Bestetik, histeriaren eta akritikotasunaren hedapen mediatikoari kontrajarriz, hainbat jakintza arlotako kideren elkarrizketak eta kritikotasuna hauspotzeko testuak argitaratzeaz gain, bideo formatuan gure ekarpena egin asmoz ikus-entzunezko saioak argitaratuko ditugu datozen asteetan. Saio bakoitzak hiru atal izango ditu: saioaren eta jorratuko dugun gaiaren azalpena, elkarrizketaren atala eta gomendioen atala. Azken horretan gutako batek hainbat eduki edo testu gomendatuko ditu.

Honako hau da aurreneko saioa, eta lehena izanik, gure dinamikaren inguruko azalpenak emateko probestu dugu. Eta ez dugu aditurik elkarrizketatu. Gazte Koordinadora Sozialistako kide bat aritu da solasean aurreneko saioa, gure dinamika GKSk Euskal Herrian martxan jarri duen Kapitalaren Ofentsiba Gelditu kanpainari lotuta baitago. Beraz, GKSko kideak kanpainaren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu lehen saio honetan. Gustuko izatea espero.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu