Alarma egoeran, 'Antolakuntzari salbuespenik ez' dinamika jarri du martxan Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mar. 25a, 07:03
Egun bizi dugun salbuespen egoeraren aurrean, Azpeitiko Krisiaren Seme-alabak Sare Sozialistak Gazte Koordinadora Sozialistak Euskal Herri osoan martxan jarri duen kanpaina politikora atxikitzen garela adierazi nahi dugu, geure dinamika propioa abiaraziz. Izan ere, bizi dugun egoera gordina zein den ikusirik, ezinbestekoa iruditzen zaigu gaiari exijitzen duen seriotasunarekin eustea eta egoerari berari kritikotasunez erantzuteko baliabideak jartzea, independentzia politikoz langileon antolakuntza propioan sakontzeko. \ \ Azken egunotan batasuna eta interes kolektiboen defentsan denok batera ekin beharra lau haizetara zabaltzen diharduten mezuek lehen lerroa hartu badute ere, konfinamenduan zehar mahaigaineratutako elementuek –industria zein sektore ezberdinetako langileen osasunaren gainetik kapitalaren etekin beharrak jartzeak, kasu–, erabakien klase izaera erakusten dute. Neurri horiek langileen defentsarako izatetik urrun, klase mendekotasuna areagotzeko neurriak besterik ez dira. \ \ Mundu mailako indar korrelazioen gorabeherek Europa kinka larrian utzi dute; izan ere, mundua hartu duen pandemiaren eraginez jada abian zen proletarizazio prozesua bizkortuta ikusi dugu. Horrekin, krisi egoeretan atxikita ematen diren askatasun politiko zein sozialen murrizketak justifikatuak dirudite, azken urteetako ofentsiba kapitalista bortitzena izan daitekeenaren aurrean kokatuz: militarizatutako kaleekin topo eginez, antolakuntza politikorako ezintasunean eta erantzunerako gaitasunik gabe. \ \ Garaiotan askatasun politikoak bermatzearen aldarria ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Arazoa egiturazkoa da eta kontrajarritako interesak gudan sartzen diren joko zelai honetan ezinbestean independentzia politikoz jokatzeko ardura daukagu; hau da, langileriaren interesak bere egin eta horien defentsan sutsuki jardungo duen antolakuntza propioaren beharra. Izan ere, hau guztia ez da gestio arazo bat izan, ezta inbertsioen kudeaketa edota korrupzioaren ondorio ere. Izaera suntsitzailea duen sistema baten ondorio zuzena da pairatzen ari garen guztia. \ \ Gure partetik gaiak eskatzen duen garrantziarekin erantzuteko beharra ikusten dugu. Horretarako, lehenik eta behin, gure herrian bizi ditugun errealitateen testigantzak bildu nahi ditugu: izan hartu diren neurri ekonomikoen ondoriozko kasuak edota izan arlo sozial zein politikoan gertatzen diren koertzio kasuak. Izan ere, lehendik ere kolpatuta zegoen langileen egoera are gordinagoa egin da. Estatuak zein udalak martxan jarritako laguntza ekonomikoek ez dute, inondik inora ere, langileak jasaten ari diren ofentsibari erantzuteko gaitasunik, hala nola EREak, ERTEak eta kaleratzeak jasan dituzten langileenak, egoeraren aurrean lanaren gaineko esplotazioa pairatzen dutenenak zein paperik edota kontraturik gabe lanean diharduten guztienak. Konfinamenduak, aldiz, hainbat familien egoera larriagotuko duela aurreikus daiteke; zaintza arloan, indarkeria kasuak jasaten dituztenen artean, kutsatzeko arrisku handia duten pertsonekin bizi eta lanera joatera derrigortuak izan direnen artean... Oraingoz, testigantzen bitartez informazioa bildu eta herriko argazki orokor bat egitea da gure asmoa, eta horrekin interbentzio formak hausnartzea edota kasu ezberdinak publikoki salatzea. \ \ Bestetik, histeriaren eta akritikotasunaren hedapen mediatikoari kontrajarriz, hainbat jakintza arlotako kideren elkarrizketak eta kritikotasuna hauspotzeko testuak argitaratzeaz gain, ikus-entzunezko formatuan gure ekarpena egiteko konpromisoa hartzen dugu. \ \ Langileen auto-antolakuntza eta klase elkartasuna hauspotzera bidean, gure ekarpena egin dezakegun lan lerroak hausnartzen ari gara, egoeraren konplexutasunaz jabetuta, beharrezko zaizkigun bermeekin lan egin ahal izateko formak aztertzen hasiak garelarik. \ \ Burgesiaren ofentsiba gelditu! \ \ Testigantzak biltzeko kontaktua: \ \ Telf.: 608 44 89 79.\ E-posta: 'krisiarentestigantzak@gmail.com'.