Dandako eta Gerizako gazteak Esklabetako ezker hegalean izan dira

Elkartasun Udara Azpeitiraino iritsi da. Toldotik at! lelopean Elkartasun Udara ekimena jarri dute martxan Zarauzko Danda gazte asanbladak eta Geriza Etxea plataformak, eta antolatutako ekintzen barruan Azpeitian izan ziren atzo, igandea, Esklabetako ezker hegalean.

Dandako eta Gerizako gazteek egun osoko egonaldia egin zuten Esklabetan, bertako proiektua gertutik ezagutzeko eta hauspotzeko. Goizean, Esklabetako ezker hegalean orain arte egindako lan guztiak ikusi eta egokitutako espazioak ezagutu zituzten. Etortzeko dauden zenbait proiektu egikaritu ahal izateko oraindik lan ugari dago egiteko, eta zenbait lan aurreratzeko tartea ere hartu zuten atzokoan. Behin lekua nahiz proiektuaren nondik norakoak ezagututa eta auzolana eginda, elkarrekin bazkaldu zuten Zarauzko eta Azpeitiko gazteek. Bazkalostean, elkarren berri sakonago izateko aukera izan zen, eta talde bakoitzak aurrera begira dituen asmoak elkarbanatu zituzten.

Elkartasuna eguneroko praktika da Danda gazte asanbladarentzat, Geriza Etxeakoentzat eta Krisiaren Seme-alabontzat, eta hori da gure jardunaren oinarria eta ardatza. Bidelagunak garela jakitun, elkartzeko eta sareak ehuntzeko garai aproposean gaudela deritzogu, soilik horrela haziko eta indartuko baikara.

Meta dezagun potentzia!

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide