Zuena ere badela esan beharrik ez dago

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko eka. 19a, 15:40
Duela astebete hasi zen Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea Azpeitian, eta bukatu den arren, Krisiaren Seme-alabok soinean daramatzagu bertan bizitakoak, eta ez ditugu erraz erantziko. Izugarria izan da horrenbeste gazte Esklabetako proiektua hauspotzen ikustea, eta eskerrak eman beharrean gaude. Nabarmendu nahi dugu joan zen astean egindako lanaren emaitza guztiona dela, eta Esklabetako proiektua tokian tokiko nahiz Euskal Herri mailako langile esperientziak sustatzeko ere badela. \ \ Azpimarratzekoa iruditzen zaigu topagune sozialistaren formatua bera, baita bertaratu den jendearen jarrera konprometitu eta eredugarria ere. Borroka komunitatea indartzeko, langile kultura sustatzeko eta prozesu sozialistan sakontzeko aukera aparta izan da topagunea. Orain, hori gorpuzten jarraitzea dagokigu. Horregatik, Esklabetako egitasmoari forma emateaz gain, etortzeko dauden proiektuak babesten eta laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu Krisiaren Seme-alabok. Eraikina hartu genuenean esan genuen bezala, interes pertsonaletatik urrun, sektore kolpatuenen mesedetara egongo diren proiektuak marraztera eta gorpuztera goaz, langile elkartasuna ardatz hartuta. Proiektuok modu komunitarioan gorpuztuko ditugu, eta ateak beti egongo dira zabalik zuentzat. Izan ere, denon artean eraikiko dugu langileon babesgune izango den egitasmo hau.\ \ 2018ko urrian sartu ginen Esklabak eraikinaren ezker hegalera, eta orduz geroztik, denetariko oztopoei aurre egiteko ahaleginetan ibili gara. Modu horretan, azpiegitura beharrei erantzuten saiatu gara, denetariko egokitzapenak eta berritze lanak eginez auzolanean. Iturgintza, arotzeria, elektrizitatea, igeltseritza eta margoketa lanak, garbiketak nahiz txukunketak… Lan horiek guztiak egin bitartean jantoki soziala jarri genuen martxan. Oraindik forma ematen ari gara egitasmoari, baina topagunean egindako lanei esker errazago izango da egiteko dugun bidean urratsak egitea. Hau da, jantokiaren proiektua fintzeaz gain, esku artean ditugun proiektuak egikaritzea. \ \ Esperientzia honek piztu ditzala grin iraultzaileak Euskal Herriko txoko guztietan. Izan ere, ez dago borrokarako hauspo hoberik elkarrekin lan egitea baino. Ildo sozialista sendotzeko beharrezko bidea da antolakuntza. Meta dezagun potentzia!\ \ - Egindako hainbat lanen emaitzak, hemen: http://www.kontulepo.eus/3041/\ \ - Egunotako argazju bilduma osorik, hemen: https://www.flickr.com/photos/181978313@N07/albums/72157709053389288/page1