Esklaben okupazioaz eta Azpeitiko Udalaren jarreraz ondorio batzuk

Erabiltzailearen aurpegia Koro Alberdi Etxaniz 2019ko aza. 19a, 15:02

Orain dela hamabi urte hasi ziren Go!azenekoak gure jatetxera bazkaltzera etortzen, eta azken bost urteetan grabazioko epealdi guztian izan ditugu, ekainaren bukaera aldetik abuztuaren bukaerara (bi hilabete pasatxoan); 50 bat pertsona lanegunetan gurean bazkaltzen.

Aurten, ekainaren 3an, nire kezkak eta beldurrak azaldu nizkion zegokion udal zinegotziari: ea Esklabetako okupazioa tarteko, izango ote ziren bertan telesail horren ohiko grabazio lanak.

Ondoren, ekainaren 25etik 28ra, Go!azen telesailerako prestaketa lanetan zebiltzan hiru lagun izan genituen gurean bazkaltzen. Haiek adierazi zidaten zein baldintza zituzten lanerako: argirik eta urik gabe, generadoreak eta komun portatilak erabiltzen eta abar. Eta berriro, uztailaren 1ean, azaldu nizkion nire beldurrak zinegotziari, egoera ez bazen bideratzen zer aurreikusten nuen azalduz.

Uztailaren 1etik 11ra izan nituen Go!azenerako grabazioan zebiltzanak bazkaltzen (50 bat lagun jatorduko), azkenekoz. Ordutik aurrera, Donostian egin zituzten grabaketak; akabo. Go!azeneko arduradun batek esan zidan aurreko urteetako baldintzetan baleude, hemen jarraituko zuketela grabatzen, eta hori zela beren hasierako asmoa. Baina ezkerraldeko dekoratu nagusiak ezinbestean behar zituztela, aldaezinak zirela, eta eraikinaren hegal hori okupatuta zegoela.

Esklabetako eraikina Azpeitiko Udalarena da. Eta udalak eraikin hori etxebizitzetarako, etxe tasatuetarako, babes ofizialeko etxeetarako, alokairurako, alokairu sozialerako edota beste edozein eginkizunetarako izan behar duela erabakitzen badu, ondo, ez legoke ezer esateko. Eta, noski, egin beharreko obrak edo jarduerak hasterako ezingo litzateke beste jardueratarako erabili. Baina ez da horrelakorik gertatu, han legez kanpoko okupazio bat gertatu da. Horren aurrean udalak izan duen utzikeriagatik eta zabarkeriagatik, guk espero genituen diru sarrerak falta ditugu, guri eguneko ogia murriztu zaigu.

Guk zergak ordaintzen ditugu, besteak beste, ostalari bezala dagozkigun udal zergak; gure beharkizunak betetzen ditugu. Udalak, baina, kasu honetan utzikeriaz jokatu du, bazekielako ondorioz zer kalte etor zitezkeen; kasuan, besteak beste, gure jatetxearentzako eta gure hornitzaileentzako, hortik bizi garenontzako.

Go!azenekoei salaketa hau iristen bazaie, nire partetik eta gure lantalde osoaren izenean, eskerrak ematen dizkiet, urte hauetan guztietan gugan izan duten konfiantzagatik eta gure jatetxearekiko izan duten fideltasunagatik.