Denak ez du balio

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2022ko abu. 14a, 10:00
(Pixabay)

Julene Frantzesenak 2022ko uztaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hala idatzi zuen Aitor Sarriegi bertsolariak duela zenbait aste Twitterren: "Niri bakarrik jartzen al zait baten bat hiltzeko gogoa 'balioan jarri' entzuten dudanero?". "Bejondeiala!", pentsatu nuen neure artean. Zenbat aldiz hitz egin dugun horretaz erredakzioan, zenbat prentsa oharretan irakurri dugun halakorik eta eredu behar luketen zenbat hiztunek erabili duten esamolde hori ahoa beteta azken hilabeteetan; harrituta uzteraino. Txio argia, aspaldi esan nahi nuena lerrootan idazteko aitzakia. Baten bat hiltzeko adinako gogoa ez, baina pare bat belarrondoko emateko gogoa sumatu izan dut behin baino gehiagotan; izan ere, "burutu"-ren fenomenoa itzaltzearekin –horrek ere odola irakiten jarri izan didanik ezin uka– etorri da dena balioan jartzeko ohitura.

Datuek diote Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskararen ezagutza maila igo egin dela herritarren artean, baina horrek ez du bermatzen erabilera areagotzea, ezta hizkuntzaren kalitatea hobetzea ere. Betikotutako gurpil zorora eramango dut fokua, mediku euskaldunen auzian erabili izan den eztabaida antzura: kantitatea edo kalitatea balioetsi behar genuke? Bai, balioetsi, eta ez balioan jarri. Gaztelaniako poner en valor da hain etxekotuta dugun esamoldearen jatorria, beste hainbat hitzekin edo esapiderekin gertatzen den bezalaxe, eta ahoa beteta erabiltzen ditugu horiek, askorik pentsatu gabe; denek erabiltzen dutelako geure egiten ditugu halakoak.

Nork esan ote zuen lehen aldiz poner en valor, eta nork euskarara ekarri modu zabar horretan? Espainoletik hartutako kalko oker bat baino ez da, eta gaztelaniaz ere ez dakit ondo esanda al dagoen; izan ere, valorar modu cool-agoan esateaz haratagoko asmorik ez diot ikusten. Euskaraz zerbait baloratzea edo zerbaiti balioa ematea ez al da naturalagoa? Zerbait nabarmentzea, bestela; edo balioestea, besterik gabe. Baina ez, hizkuntzari goroldioa kendu ordez, askoz hobe kalko okerrak erabiltzea ondareari, egindako zerbaiti, hizkuntzari berari edota ondokoari balioa ematea baino.

"Burutu"-ren fenomenoak hartu zituen duela urte batzuk lerroak eta hitzartzeak, "sinergiak aprobetxatu"-k ere bai urte batzuk lehenago. Orain, berriz, balioan jartzen dugu dena, zentzurik gabe, boteprontoan, halabeharrez. Ziklikoa da modako hitzen kontua. Baina gogoratu: denak ez du balio. Balio ez duena ezin da "balioan jarri", ezin zaio hari balioa eman. Alferrik ari gara, aritzeagatik aritzen garen bitartean.

A, eta galdera bat: zein izango da gaizki erabiliko edo asmatuko dugun eta bazter guztietan behin eta berriz ikusiko dugun hurrengo hitza edo esamoldea? Ez alferrik hartu halako lanik, ikastea desikastea baino errazagoa baita.