Koronabirusa Azpeitian

Ai, kafe uneak

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2020ko api. 8a, 10:45

Julene Frantzesenak 2020ko apirileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Betiko legez, martxoaren lehen egunetan egin genuen aldizkari honetarako gaiak aukeratzeko lantaldeko bilera. Nahiko azkar erabaki genituen gaiak, eta ardurak banatu ere bai. Gaixoak gu; etorriko zenaren berri izan bagenu...

Lehen astea baliatu genuen gaiak-eta lotzen hasteko, baita kolaboratzaileei hileko ekarpenak noizko bidali behar zituzten esateko ere. Dena betiko martxan, dena ondo.

Hilaren 11. Hala zioen Urolako Komunikazio Taldera zuzendaritzak lantaldean zabaldu zuen barne oharrak: "Koronabirusa dela eta, prebentzio neurriak UKTko lankideontzat". Eta segidan ahal bezain pronto etxetik lanean hasteko baliabideak egokitzen hasi ginen.

Etxetik ari gara lanean ordutik, eta egia esan, ez da erraza izan lantaldea koordinatzea eta produktuak egitea. Baina egin ditugu, moldatu gara. Bilerak, bilerak eta bilerak, eta egoeraren ondorioz, aldaketak eta aldaketak.

Eta hauxe da emaitza. Uztarria aldizkaria kaleratu dugu modu digitalean, gaiak moldatuta, aldatuta, birpentsatuta. Erabaki bat ere hartu dugu: paperezko edizioa alarma egoera bertan behera uztean banatuko dugu.

Konfinatuta gauden honetan gauza bat gelditu zait garbi: egoerara moldatzen badakigu pertsonok. Dena izan da berria, estuasunak pasatu ditugu, amorrazioak eta ezinak ere bai, baina lanak eman du, beste behin, bere fruitua.

Hala ere, lankideekin aurrez aurre egotea eta eguneroko kafe garaia. Horiexek sumatu ditut faltan dena 'tele' den garaiotan.