21. Korrika

Flashbacka 1982. urtera, Korrika Azpeititik igaro zen egun hartara

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2019ko api. 8a, 18:44
Honako hau da Hamaika Telebistak bildutako albistearen errekortea.

1982a zen, Korrika egitasmoaren bigarren edizioa egin zuten maiatzaren 22tik 30era. Iruñean hasi eta Donostian bukatu zen euskararen aldeko lasterketa. AEK, euskararen alternatiba herritarra eta Korrika, herriaren erantzuna euskararen alde lelopean egin zuten edizio hura, Akelarrek egin zuen abestia eta Rikardo Arregi omendu zuten. Azpeititik ere igaro zen Korrika. Ni jaio gabe nengoen artean, baina Hamaika Telebistaren Twitterreko txio batek jarri nau orain dela 37 urteko edizio hartara begira.

Hala zioen telebista horrek Flashback deitutako txio-katean, urte hartako egoera politikoaz eta sozialaz: "Tentsio sozial handiko giro baten baitan iritsi zen [Korrika], euskal gatazka puri-purian zegoen, 23F –estatu kolpe saiakera– igaro berria zen, eta egoera sozial zaila bizi zuen Euskal Herriak: Korrika ez zen egoera horretatik libratu eta AEK-k boikot instituzional, politiko eta soziala pairatu zuen. 1982. hartan, debekuaren mamua mahai gainean egon zen, baina, azkenean, Korrikak baimena lortu zuen, eta maiatzaren 22an gorriz markatutako hitzordua zuen Iruñean. Munduan, bitartean, Naranjitoren etorreraren aurretik, Malvinetako gerrak titular guztiak eramaten zituen". Eta beste hainbat txioren artean, hara! "Legionario ohi batek euskararen aldeko herri egitasmo baten aurka egin zuen tiro". Non? Azpeitian.

Batari eta besteari galdetu, eta zantzuren bat edo beste, oroitzapen bat edo beste, badutela esan didate. El Pais egunkarian aurkitu dut, baina, orduan gertatutakoaz idatzitako albiste bakanetakoa. Azpeitiar bat zauritu ei zuten eskopetaz tirokatuta 1982ko maiatzaren 26an. 04:30 aldean izan zen tiroketa Azpeitian; hain zuzen ere, Korrikaren zain ziren bi lagunetako bati tiro egin zion legionario ohi batek. Hura atxilotzera joandako udaltzainei ere tiroz erantzun zien gizonak bere etxeko balkoitik, eta ondoren, Guardia Zibilaren kuartelean bere burua entregatu zuen legionario izandakoak. Zauritutako azpeitiarra, berriz, ospitalera eraman zuten, eta perdigoiak gorputzetik aterata jaso zuen alta medikua.

Ordutik, Korrikaren beste hemeretzi edizio izan dira, joan zen ostegunean Garesen (Nafarroa) hasi zena eta egun Euskal Herria zeharkatzen ari dena kontuan hartuta. Zenbat aldatu diren gauzak, ezta? Euskal Herriko egoera politikoa baretuta dago aspalditxon –nahiz eta hainbat hauteskunderen atarian gauden–, Korrikak ez du debeku arriskurik eta gero eta erantzun sozial handiagoa izaten du –asteburuko Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko irudiak ikusi besterik ez dago–. Naranjito ez da iristear, baina dena den, futbolak orduan adina indar edo gehiago dauka; munduan hainbat gerra dago piztuta...

Eta euskara une garrantzitsu batean dago, etorkizunerako bidegurutzean norabidea erabakitzeko unean. Eta gu, gertaera tamalgarri hartatik 37 urtera, 21. Korrika gure herrira iristeko zain gaude; Klika egiteko prest gaude. Euskarari behar duen bultzada emateko gogoz gaude. Ikusiko dugu elkar Korrikaren bidegurutzeren batean!