Agur, jaiotza!

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2020ko ots. 5a, 09:09

Joxe Arregik 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Jaiotza jarria dugu etxean, udazken kolorezko zuhaitz-hostoen argiz inguratua. Jesus haurtxoa aitaren besoetan, musua musuan, eta Maria Joseren lepora burua eztiki makurtuz. Samurtasuna dario. Gabon Jaiotzari begira, gizakion bizitzak, bizidun guztien elkarteak, unibertso osoak eder eta on dirudi. Merezi du bizitzea. Agur zuri, Jaiotza!

Zergatik jaiotzen da gero eta haur gutxiago gurean? Emakume bakoitzeko 1,31 haur iaz Euskadin, biztanle-kopuruari eusteko ezinbestekoa den 2,1etik oso behera. Ez gara bakarrak: Europako estatu guztiak 2tik behera daude, baita Amerika, Ozeania eta Asiako herrialde guztiak ere. Afrika, aldiz, 2tik 7ra bitartean dago; nabarmen ugaltzen ari da. Gehiegi.

Eta gu gehiegi urritzen? Ezetz esango nuke, baina bistan da herrialde "garatuetan" haur gutxi sortzen dela. Zergatik ote? Egoismoak eta fede gabeziak gora egin dutelako, Frantzisko aita sainduak esan duenez. Ez nago ados. Jaiotzek behera egin badute, ez da bikoteak egoistago eta fedegabeago direlako, familia gehienak gero eta pobreago direlako baizik, Herodes gutxi batzuen gutizia aseezinagatik, eta beren etorkizunaz eta planeta zanpatu honen etorkizunaz beldur direlako. Nola nahi dugu bikote gazteek bi ume edo gehiago izatea, ezin badute lana eta familia bateratu, ez etxea ordaindu, ez bi ume mantendu?

Eta beste gauza bat: gizakiok gehiegi gara Lurrean, eta nahitaez gutxitu beharra daukagu, bai Afrikan eta bai hemen, bizidun guztien arteko oreka izango bada.

Berriro diot: agur eta ohore dagiot jaiotzari. Agur gure planetan duela 4.000 milioi urte gertatu zen eta ziur aski beste hainbat planetatan gertatu den biziaren jaiotzari! Agur atomo bakoitzean, hosto bakoitzean, gozatzen duen izaki bakoitzean, gizaki on eta zoriontsu bakoitzean agertzen den Biziaren Graziari!

Agur zuri, Nazareteko Jesus, Maria eta Joseren seme bedeinkatu, biziera onaren eta gizadi berriaren lekukoari! Agur zure jaiotzari, gure etengabeko jaioberritzeari!