Aita santuak bi urte

Erabiltzailearen aurpegia Joxe Arregi 2015ko api. 23a, 10:08

Martxoaren 13an bete ziren bi urte Frantzisko aita santua izendatu zutela. Hautatu berritan, New York Times egunkaria gogor mintzatu zen: aita santu berria kontserbadore, homofobo eta matxista omen, eta Videla, Argentinako diktadore ohiaren aurka ezer egin gabea.

Handik urtebetera, amerikar egunkari berak, bere azalean, Frantziskoren apaltasuna eta Vatikanoa erreformatzeko abiaturiko programa goraipatzen zituen. Joan zen abenduan, ABC espainiar egunkariak 'urteko pertsonaia' deklaratu zuen, nazioarteko beste zenbait agerkariren ildotik.

Ez da uzta makala bi urtetan jasotzeko: bere irudiari buelta ematea, Vatikanoari sinesgarritasuna bihurtzea, elizatik nahiz erlijiotik urrunduen sinpatia irabaztea, eliza barruko ahotsik kritikoenak isilaraztea eta... mugimendu katolikorik (eta politikorik) kontserbadoreenak mesfidati eta urduri jartzea lortu zu. Bejondeiola!

Ez dakit ageri den guztia sinesgarria ote den. Dena dela, ni pozik nago. Eliz giroa asko aldatu da. Eta ez naiz ari urrutiko giroaz: Rouco eta Camino isildu dira; hurbilagokoren bat edo beste (...) ez da hainbeste nabarmentzen. Ez zaizkigu ari egunero sinesgabezia, erlatibismoa eta hedonismoa salatzen; ez gaituzte betiko obsesioez gogaitarazten (abortua, homosexualitatea, erlijio irakasgaia...). Orain sikiera arnasa har dezakegu.

Evangelii Gaudium entziklikak arnasa zabaltzen du: Elizak irten egin behar du, ez betikoan itxi. Eliza zauriak sendatzeko dago, ez dogmak eta morala erakusteko. Eliza pobreenak defendatzeko dago, ez boteretsuen lagun izateko. Hori da. Bikain.

Hala eta guztian ere, galdera larri bat geratzen zait: aita santuak botere absolutua bere esku izaten jarraitzen badu -eta hala jarraitzen du-, zerk eragotziko dio hurrengoari oraingoak egiten duenaren kontrakoa egitea.

Uztarriaren apirileko zenbakian kaleratutako iritzia.