Nire leihotik

Udak dakarrena

Erabiltzailearen aurpegia Jon Olaizola 2021ko uzt. 31a, 08:49

Jon Olaizolak 2021eko uztaileko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Iritsi da uda, eta jada hasi dira eguzki izpiak mendi gailurrak argitzen, haitz zaharrak berotzen, jendearen alaitasuna berpizten.

Bada ordua, urte beltz honen ondoren, gora begiratuz argi zuria ikusteko. Lasaitasuna eta deskonexio hitzak norberaren hiztegira bueltatzeko, egitekoak ginen eta bertan behera geratu zaizkigun plan guztiak berreskuratzeko, momentu baten bada ere amets gaizto hau ahazteko.

Pandemia honetan tokatu eta ezarri zaigun errepresio eta askatasun eza ahaztu gabe, uda honetan, eguneroko bizitzan ohartu gabe ihes egiten diguten xehetasun txikiei inoiz baino garrantzi gehiago emango diegulakoan nago; eguzki izpi beroei, haize bolada zakarrei, udako ekaitzen euri tanta lodiei, itsas olatuen soinuei...

Iritsi da uda, COVID garaian.