Nire leihotik

Itsaso zakarra, arima barea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Olaizola 2021ko urt. 26a, 08:19

Jon Olaizolak 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Urrun geratzen da egun gris hura, Atlantiko zakarraren ertzean denbora gelditu eta mende bat atzera salto egin nuenekoa, arrantzale hura ikusi nuenean.

Antzinako ogibide gogorra da berea. Gauez jaiki, kanabera hartu eta aurpegia zimurtuta ur kresalen parean jartzen da, beste egun luze baten esperoan.

Inguruko haitzen antzera, mantso eta nekez higatzen da eskarmentatutako langilea, egoera, egutegi eta eguraldi okerrenetan ere.

Baditu bere alde, ordea, gaur egun maiz albo batera utzi ohi ditugun ezinbesteko bitarteko batzuk: norberarekin egoteko denbora, naturarekiko konexioa, bakardadea besarkatzea, bakea...

Eta garrantzitsuena, agian, garbi duela irabazteko nahiz galtzeko egunak edukiko dituela. Arrantzan, lanean, bai eta bizitzan ere, beraz...

Ez zaitzala itsutu batak.

Ez zaitzala hondora besteak.