Nire leihotik

Txikitasunean handi

Erabiltzailearen aurpegia Jon Olaizola 2020ko aza. 1a, 09:04

Jon Olaizolak 2020ko urriko Uztarria aldizkarian Nire leihotik atalerako egindako ekarpena da honako hau.

Murumendiko zuhaitzen itzalpean, kamera, bakardadea eta isiltasuna lagun ditudala, inguruko zuhaixken soinu eta mugimendu otzanek salatzen dute orein talde baten kokapena.

Oreinkume honen korrikaldiak, kuriositateak, zuhurtzia faltak eta begien argiak bizitzeko gogoaren islada ekarri dit burura, edozein haurtxorena bezala.

Zer pentsatu handia eman dit horrek: heldutasunera iristeak aldatzen gaituen guztian jarri naiz pentsatzen, motxilara erakartzen digun pisuan, errutina pozoituaren espiralak irensten digun denboran, ametsetan, bizitzeko txispan...

Zerbait bada zoriontasuna, jabetu naiz nostalgiarekin gogoratzen ditugun txikitako uneak direla, kezkarik ez dugun eta libre garen garai bakarra dela; nahikoa zirela mendi bat, soberako irudimena eta aitonaren begirada zimurtua atzean.

Nerudak zera zioen: "Jolasten ez duen umea ez da ume, baina jolasten ez duen helduak betirako galtzen du barruan zeukan umea, eta behar izango du".