Kritika kriminala

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2019ko abe. 3a, 11:40
(Itziar Aranguren)

Jon Gurrutxagak 2019ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Kezka sortzen dit azken boladan inguruetan dabilen joera batek. Giro intelektualen aurkako purrustadak eta gutxiespenezko keinuak sumatu ditut, eta bizi gaituen jendartearen erradiografia moduan irakurri nahiko nituzke. Intelektualtasunaren kriminalizazioa ematen da epaiketa pertsonalisten bitartez, eta horrekin, proposatzen diren tesiak baliogabetzeko ahalegin bat ikusten dut. Inoren ustez, pertsona kritikoak predikatzen duenetik bestelako edozer eginez gero, zaparrada datorkio; arimaren purutasuna exijituko baliote bezala. Nago epaiketon jopuntua ez dela hainbeste intelektualen aurkakoa, ez bada, pentsamenduaren beraren aurkakoa; pentsamenduak guztiok interpelatzen baikaitu, eta deserosotasunera behartzen. Beraz, ezinago erreakzionarioa da fenomenoa, eraldaketarako bideak gutxiesten dituen unetik.

Kuriosoa da "espiritu kritikoa" eta "jende autonomo eta independentea" bezalako profilak etengabe goratzen diren garaiotan ematen den fenomenoa dela aurrez aipatua. Militanteei eta "bustitzen" den jendeari ematen zaien egurrak kritikotasunaren ulerkera orokorra zein ote den hausnartzera narama, ezinbestean. Esango nuke, kritikotasuna entzuten, irakurtzen, hautematen edo jasotzen dugun oro zalantzan jarri eta informazio horren gaineko deskonfiantza erakustearekin lotzen dela; estimuluak norbere galbahetik pasatzearekin, nolabait. Telebistako debateetako tertulianoek "gizarte demokratikoen" oinarrizko premisatzat jotzen dute hiritarren kritikotasuna. Ajatzeraino maiztu duten "demokrazia" kontzeptuak eskuetatik ihes egiten badit ere, interesatzen zait kontzeptua zein edukirekin betetzen den.

Irudipena daukat "adierazpen askatasun" deituaren miseria errazkeriaz eta esaten dugunaren ardurari muzin eginez aritzea dela, kritikotasuna norbanakoen eszeptizismo zein erlatibismoarekin nahasten dugula askotan, eta kritika, praktika serioa bainoago, gatazka egoeretan ahalik eta posizio erosoena hartzea dela gaur egun. Edonorentzat etxeko izan daiztezkeen esaldiak har genitzake jarreron erakusletzat: "Ni ez nago; ez hauekin, ez horiekin", "ez diet sinesten; ez batzuei, ez besteei" edo denetan apurtzaileena den, eta nire ustez, top-topean dagoen "nik ez daukat ideologiarik". Ehuneko ehunean ildo edo korronte jakin baten interpretazio ororekin bat ez egiteak –ia ezinezkoa dena, gizaki gehienok baitaukagu geure alde profanoa– ez luke izan behar zalantzazko posizioak hartzeko edo eskuak garbitzeko aitzakia. Gehiago diot, hori kritikotasunaren guztiz aurkako jarrera da. Zerbait edo norbait –beraz, zerbaiten edo norbaiten aurka– defendatzea da kritikoa izatea. Ekimen indibidual hutsetik harago lihoakeen jarrera, proiektu kolektibo bati legokiokeena.

Kultur munduaz bi hitz

Gai honi azken ertza ateratze aldera, kultur munduaren epelkeria salatu nahiko nuke. Barkatuko didate –edo ez– idazleek, bertsolariek, musikariek eta, oro har, kulturgileek, baina gure kulturaren mundutxo honetan erabateko joera somatzen dut –lurretik metro batzuetara ezarritako beiratetik ariko bagina bezala– erraz eta asko jarduteko, inorekin lerratu beharrik gabe, eta lerratzekotan, gai bakoitzean komeni denaren alde eginez.

Euskal kulturari opa diodan azkena da itxuraz kritikoa den eta oinak lokazten ez dituen musika, literatura, bertsolaritza... Izan ere, sorkuntzak, iritzia emateak bezalaxe, inplikazio politikoak ditu, batzuetan injustuak eta pertsonalki oso gogorrak izan daitezkeenak. Inor ez da ukiezina. Ezin dugu kulturaren eraldaketarako potentziala gure erosotasunaren arabera moldatu. Kultura infantilizatzea litzateke; muniziorik gabe uztea.