Ezinduna

Erabiltzailearen aurpegia Jon Gurrutxaga 2019ko api. 18a, 12:00

Jon Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

Eguneroko gurpilean kopeta altxatzen dugun aldi bakanetan geure buruari galderentzako tartea uzten diogu, eta benetan da interesgarria une hori, errotikako aldaketek forma har dezaten atea zabaltzen baita; krak egiten du zurruntasunak. Bizitzaren zentzuaz hausnar dezake orduan albaitariak, urte guzti hauetan etxeko lanak zeinen gaizki banatuak izan diren pentsatzera jo dezake zinegotziak, salsa klaseetan hasteko harra pizt dakioke Joxeani, Maialeni boxeokoetan apuntatzea otutzen zaion une berean. Soa aurrera begiratzeko jasotzen badugu, beti da gaur baino hobeto biziko garelako gero –lanaren eta izerdiaren bitartez, esan gabe doa–, eta nago ez ote dugun aurreregi eta goregi apuntatzeko bizioa. Gaizki jotzeko joera, kantatuko luke Xabier Silveirak. Ametsek kilimatzen digute sabelaldea, areago, ametsek mugitzen gaituzte; sinesteak lana du zenbateraino. Ameskeria da, baina, ametsen ifrentzua.

Esnemamitan hazi omen garenon artean patologia orokortua da ameskeria. Gure belaunaldia –termino abstraktua izan daiteke– geroari emanda bizi da erabat. Eta ez naiz ari ilusioa edo bizi proiektuak letorzkeen egunetan irudikatzeaz bakarrik. Gaurko orduak, izerdia eta lana promestutako egun zoriontsuei materialki hipotekatzean datza gure ameskeria; denbora eta enegia berez egingo ez genituzkeen masterretan xahutzean, kasu. Etorkizun oparoa aurreikusten digutelako egiten ditugu ikasi ta lan, egunean hamar orduz; onartuko ditugula dakitelako eskaintzen zaizkigun zabor kontratuak onartzen ditugu eta abar luze bat. Gozo bezatu gaituzte, baloreetan nola helburuetan. Etxe animalia otzanak bilakarazi gaituzte, horregatik deitzen zaio hemen Baqué kafeari, eta bake kaleari.

Alferrik ari gara. Gure gurasoek –gehienek– lana beltz eginda, baina jabetzak izateko baliabideak izan dituzte, oro har, askoz soldata hobeak izan dituztelako lan munduratu zirenetik. Gehienek izan dute seme-alabaren bat edo gehiago taxuz hazteko ahalmena. Egun, berriz, gehiengoa –egunez egun gehiago–, errepideaz bestalde gaude. Poltsikoan txakur txikirik ere ez izateak zabal ditzake, baina, zenbait abagune. Abantaila bat dugu: galtzeko moduko kapitalik ez dugu pilatu oraino. Erromantikoa banaiz, diot: derrotatik erneko dira garaipenerako haziak. Ameslaria banaiz, diot: gure seme-alabentzat jaso duguna baino... Errealista izan naiz, diot: orain dugunaz bestelako afan xaloago batek astindu beharko digu kontzientzia, harremantze eredutik hasita, errespetuak gida gaitzan duintasunerako geratzen zaigun bidean.

Paretaren kontra

Izan al haiteke zoriontsu bost milioiko auto hori gabe, tipo horrekin oheratzeke, kilometroa 04:20 azpitik egin ezinda, ahizpari galtza beltz estuak ipurdian hobeto tolesten zaizkiola ezin onartuta, auzokoaren ondasunei diean inbidia gaizki disimulatuz... Gureak al ditun/k ameskeria horiek guztiak?

Noan komiko jartzera. Sarrionandiak galtzetan kabitzeko koplak idatzi izan balitu –gordetzekoen ordez– mediku gaixoek ez zuketen ansiolitikoak granelean errezatu beharrik izango. Albo kalteak tratatzen dira aurretik prebentziorik izan ez delako.

Ezin bada ezin da, paretari danga eta danga nola ibiliko gara ba datorren urtera arte. Urguilua irentsi, pauso bat atzera eman eta arnasa hartzea litzateke osasungarriena kasu horietan. Ezindun jendea da jende normala. Batu eta ahaldundu gaitezen, beraz, munduko ezindunok, eta, bidenabar, lurperatu dezagun Osaba Sam behingoz, gerra ederra ematen ari da-eta azken boladan.