Harriak eta gu

Erabiltzailearen aurpegia da hau Jon Gurrutxaga | Iritzia
2018ko urr. 23a, 10:01

Jon Gurrutxaga kolaboratzaile berriak Uztarria aldizkariaren 2018ko urriko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honakoa.

(Ilustratzailea: Itziar Aranguren)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Ez dakit hau zehazki zer den, baina ez da publierreportaje bat. Orduak ematen ditugu gora begira, konstelazioen arteko lotura bestelakoa balitz, gure harremana sanoagoa litzatekeela ebazten bukatzeko. Non gauden ahazteraino aireratzen zaigu gogoa. Kontrakoa da gaurko ariketa. Egunerokotasunean aritu naiz aztarrika, zure eta nire arteko eremu lohituan. Lubakiak eta zubiak ikusten ditut.

Motxila bete harri dakarkit zaman eta harri bakoitzean gomuta bat grabatu dut zuri erakusteko. Pisatu egiten didate harriek. Ez diote haatik nireak izateari uzten; bidean bildu ditut eta ez ditut motxilatik atera nahi. Pisuak ere lotzen nau lurrera.

Begira, lehenengo hau haurrak ginela Etxe-Alaiko parkean lau lagunen artean inguratu eta begia moratu zenidatenekoa da. Gurasoei zerbait esatera, beste begiak ere patu bera zukeelako isildu nuen jazo zena.

Honek ere badu bere historia. Tabernako ilunpetan nire loredun soinekoa altxatu zenidan, eta burua jiratu gero. Badakit zuk ere gogoan duzula, koldarra.

Beste hau ia ahaztuta neukan. Gaupasa egun batez, kiosko azpiko komunetan larrua jo genuenekoa da. Ezagutu ditut leku txukunagoak, baita maitale hobeak ere.

Erronbo itxurako hau gure zaurien lekukotza da. Zure etorrera kopak sabairantz jasota ospatu genuen; ardo beltz ona kalizetan. Auzoko batek odola ospatzen aritu izana egotzi zidan kafetegian. Gaur ez nago eztabaida moraletarako. Topa eta zurrup eta klik eta txartela gorde.

Harri honetan, haurdun nengoela, lanetik azalpenik eman gabe bidali ninduzula jartzen du. Beste honetan, berriz, etxepean pintada bat egin nizula hurrengo goizean.

Zita

Afera asko dira, edozeinenak izan daitezkeenak eta ez denak zapore gozokoak. Plaza berri zoragarri honetan irribarre perfektu asko sumatzen da aspaldion poteoko orduan. Halere, berdejo fin honek ez dezake porlanik jardindu. Ondotxo dakigu, zeinekin norarte eta zurekin honarte dela.

Jende maitagarria eta atormentatua gara –zereginik ez daukagunean, bigarrena batez ere–. Intentzio txarrik gabeko jende inbidiatsua. Halako auzotako halako etxetakoak gara, halako eta halakoren seme-alabak. Honek berezi egiten gaitu ezinbestean, onerako zein txarrerako. Bertako egiten gaitu, erroak damaizkigu gero eta iragankorrakoa den munduan.

Bizikidetza kontzeptu irristakorra da eskuz esku dabilenetik. Elkarren ondoan bizi garela da hemen egia berdaderoa. Gertutasunak aleazioa dakar, etengabeko diglosia humanoa. Barra-ertz berdinetan galdu ditugu lotsa eta duintasuna, ohe berdinetan maitatu zein ahaztu dugu elkar. Hementxe bizi gara, maitasuna eta ezinikusia egunero gurutzatzen diren lapiko azkarrean.

Tratu bat proposatzen dizut. Bi hilean behin plaza honetan elkartuko gara elkarri benetan pentsatzen ditugun kontuak esateko. Gu bakar-bakarrik, bitartekaririk gabe. Ez dizut Whatsappik erantzungo, eta isiltasuna ezezko bezala ulertuko dut. Saiatuko naiz fidela izaten.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu