Soka luzean

Etorkizuneko haragia?

Erabiltzailearen aurpegia Janire Alkorta 2021ko ots. 4a, 08:39

Janire Alkortak 2021eko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Klima aldaketa errealitate bat da. Besteak beste, industrializazio aurreko garaitik munduko tenperatura 11 gradu igo da, itsas mailak bost milimetro egin ditu gorantz 2014. eta 2019. urteen artean, eta muturreko fenomeno meteorologikoak gero eta ohikoagoak dira. Klima aldaketa mantsotzeko, behar-beharrezkoa da berotegi efektua areagotzen duten gasen isurketa murriztea. Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministerioak aurkeztutako datuen arabera, 2019an Espainiako Estatuan isuritako eta berotegi efektua eragiten duten gasen %12,5ek nekazaritza sektorea dute jatorri, eta gas horien %67,2 ganadutegiek isurtzen dituzte. Gizakiak haragia eskala masiboan ekoizteko sortutako ereduak, ganadutegienak, gasen emisio altuez gain, beste arazo batzuk sortzen ditu: osasun arriskuak (hegazti gripea, behi eroen gaitza, sukar aftosoa), etika eta morala (animalien ongizatea) edo deforestazioa (pentsuaren landatzea).

Baina badirudi, ehun ingeniaritzari esker, haragia kantitate handian ekoizten jarraitu ahal izango dugula, aurrez aipatutako albo kalteak saihestuz edo murriztuz. Ehun ingeniaritza birsorkuntza medikuntzaren adarretako bat da. Haren helburua da, zelula egokiak identifikatuz eta isolatuz, ehunak eta organoak laborategian ekoiztea eta ondoren transplantatzea. Azken urteetan arlo horretan eginiko aurrerakuntzez baliatuz, gaur egun tresna nahikoa ditugu kopuru masiboan gihar ehunak sortzeko –haragia– eta horiek janari moduan baliatzeko.

Horretarako, osasun egoera onean aurkitzen den abereari haragi lagin bat erauziko zaio biopsia bidez. Ehun horietatik, medikuntzan oso ezagunak diren teknika batzuk erabiliz, hautatu diren gihar zelulak isolatuko dira. Ondoren, zelulak proteinaz, aminoazidoz, gatz mineralez eta airez osaturiko ur ingurune batean jarriko dira. Zelulen ugaritzearen bidez, proteinez osaturiko ehun giharrak sortuko dira. Azkenik, eskala txikian sorturiko ehunak, animaliaren gorputza simulatzen duen biorrreaktorean edo hartzigailuan sartuta, haragi kantitate handiak ekoitziko dira.

Singapur izan da laborategian sortutako haragiaren salerosketa baimendu duen lehen estatua. Eta urte gutxiren buruan, Euskal Herriko dendetan aurkituko dugu haragi sintetikoa.

Zientziaren ikuspuntutik, oso interesgarriak dira ehun ingeniaritzaren lorpenak. Baina zer iritzi dauka herriak horren inguruan? Haragi sintetikoa bai ala ez? Zientzialariek egin dute beren lana. Orain herritarroi dagokigu horren inguruan hausnartzea eta eztabaidatzea. Has gaitezen ba!