Soka luzean

Nanokapsulak kosmetikan

Erabiltzailearen aurpegia

Janire Alkortak 2020ko azaroko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Ai ama, hemen da berriro. Ez, ez dut nahi! Gero eta gutxiago gelditzen gara hemen barruan. Nire ordua ere laster iritsiko da.

Ohiko legez, haize ufada handi moduko zerbaitek eragindako presio igoera bat sentitu dut. Baina oraingo honetan ezberdina da, nire etxetik bota naute. Begiak ezin irekita nago, eta kanpoko hotza hezurretaraino sartu zait. Nire zorionerako, ordea, segundo gutxiren barruan bero-bero dagoen gainazal batekin egin dut topo. Udako egun beroetan hankak hondarretan sartzea bezalakoa izan da.

Bat-batean, goxotasun handiz, nire gorputza laztantzen hasi dira presio txiki bat aplikatuz, eta ohartzerako, adreilu itxurako belakiz jositako igerileku koipetsu eta bero batean murgildu naiz. Indar guztiekin igerian hasi naiz, irteera topatzeko. Poliki, baina banoa. Badirudi pasatu dela txarrena. Hemen lasaiago egon naiteke. Baina hau da beroa, eta azkura. Ezin dut gehiago, banoa! Plast!

1995ean L’Oreal enpresa frantziarrak nanokapsuletan –1 μm baino txikiagoko partikula besikularrak; nukleoa, likidoa edo solidoa, polimerozko pareta fin batez inguraturik– oinarritutako lehen produktu kosmetikoa kaleratu zuen. Nanokapsula horiek, azaleko gaixotasunak tratatzeko osagai eraginkorrak azaleko geruza sakonetan barneratzen eta bertan askatzen lagundu dezakete, odol-fluxura pasatzea saihestuz.

Gure azala, hipodermisaz gain, bi geruzaz osaturik dago nagusiki: epidermisa eta dermisa. Epidermisa bost kapatan banatzen da, eta adarkizko geruza arduratzen da azaleko hesi lanak egiteaz, bere lipofilizitate eta zelulen trinkotasun handia medio. Azalaren gainazalaren tenperatura 32 gradu ingurukoa da, baina tenperatura eta pH-a igoz doaz azalean barneratu ahala.

Goiko testuan pH-arekiko sentikorra den polimero batez egonkorturik dagoen nanokapsula kosmetiko baten ibilbidea deskribatzen da. Nanokapsulak krema formulazio batean dispertsaturik aurkituko dira, eta ontzitik irten bezain pronto gure azaleko gainazalarekin egiten dute topo, tenperatura igoera sumatuz. Gure laztanen laguntzaz eta nanokapsularen egiturari esker, epidermisean murgildu eta hildako zelulaz osaturik dagoen geruza, adarkizko geruza, zeharkatzea lortuko dute. Geruza aldaketatarekin, ingurumenaren pH-a igoko da, nanokapsula desegonkortuz eta osagai eraginkorra askatuz

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide