Soka luzean

Bistakotik haratago

Erabiltzailearen aurpegia Janire Alkorta 2020ko ira. 12a, 15:25

Janire Alkortak 2020ko abuztuko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

05:45. Begiak itxita altxatu naiz ohetik. Isiltasunari beldurra diot. Irratia piztu dut. Uhin-luzera luzeko uhin elektromagnetiko horiek (Nicola Tesla, 1895) nire etxera garraiatzen dute informazioa Miramongo estudiotik.

Denbora asko galdu gabe, esnea mikrouhin labean (Percy Spencer, 1947) sartu dut. Kaxa karratu horrek, irrati uhinak baino uhin-luzera motzagoko uhin elektromagnetikoen bitartez, gantz tantak dispertsaturik aurkitzen diren ur molekulak bibratuarazten ditu, segundo gutxitan koloide dispertsio zuria erabat berotuz (Thomas Graham, 1861).

Asteko programazioarekin jarraituz, 06:15ean fin-fin irten naiz korrika. Izan ere, nire buruarekin ondo sentitzeko oraindik ez dut aurkitu endorfinak (John Hughes eta Hans Kosterlitz, 1975) jariatzea baino erremedio hoberik.

07:00. Dutxako iturriaren azpian jarri naiz gas naturalaren –metanoz osatua gehienbat, k.a. 6000-2000n aurkitu ziren lehen gas natural meategiak Iranen– konbustioaren bitartez lortutako ur beroa nire gorputzean zehar irrista dadin. Xaboi tanta bat hartu dut. Xaboiaren –orain dela 3.000 urte inguru, Mesopotamian sortua– formulazioan aurkitzen diren molekula anfifilikoei –katearen alde batean izaera hidrofobikoa eta beste aldean hidrofilikoa– esker, gorputzera itsatsita ditudan olioak, gantzak eta uretan disolbaezinak diren hondakinak kendu ditut modu eraginkor batean. Jantzi eta banoa. 7:15.

Etxeko atea itxi orduko ohartu naiz musukoa ahaztu zaidala. Azkenaldian, inoiz baino gehiago erlazionatu gara terminologia zientifikoarekin, eta master bat egin dugu birologian eta epidemiologian. Nire helburua/ahalmena ez da inondik inora zuek, irakurleok, zientziaren garrantziaz konbentzitzea. Eta are gutxiago zientziaren erabilera justifikatzea gizakiaren nahiak asetzeko. Baina argi daukat: zientzia gure egunerokotasunean erabiltzen ditugun tresnen funtzionamendua eta bizidunen jarrerak ulertzeko baliabide oso egokia da.

Fenomeno fisiko/kimiko/biologiko/teknologikoak ulertzeak, gure burua lanean jartzeaz gain, daukaguna balioesten laguntzen digula sinesten dut. Beraz, datozen hilabeteetan, zuen begiek/buruek 400 eta 700 nanometroren tarteko uhin luzeratik –argi ikusgaia, mikrouhinak baino uhin-luzera motzagoko uhin
elektromagnetikoak– haratago ikustearekin konformatzen naiz.