Garaipen ederrak Añares eta Juaristi ISBrentzat

Erabiltzailearen aurpegia da hau Iraurgi Saskibaloi Taldea | Kirolak
2019ko api. 8a, 11:47

LF2ko taldeak nagusitasun osoz irabazi zuen Ibaizabalen kontrako derbia (93-56), eta igoera fasera sailkatzeko txartela jokoan izango dute Iraurgikoek datorren asteburuan, liga erregularraren azken jardunaldian. Zilarrezko LEB ligan, berriz, Juaristik ere sekulako erakustaldia egin zuen Almansaren kantxan (61-75).

Añares ISBko jokalariak zaletuak agurtzen, zapatuko partidaren amaieran. (ISB)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusiek garaipen ederrak lortu dituzte asteburuan. Larunbatean, Añaresek txiki utzi zuen Galdakaoko Ibaizabal Azkoitiko kiroldegian: 93 eta 56 nagusitu ziren Iraurgikoak LF2ko euskal derbian. Azpimarratzekoa izan ziren harmailetan bildu zen jendetza eta kiroldegian bizitako giro bikaina; Urgi maskotaren Azkoitiko estreinaldia ere bikaina izan zen. Añaresen kanpoko lau jokalariek partida biribila egin zuten, eta Lizundia eta Soraluze etxeko bi gazteak ere bikain aritu ziren.

Liga erregularra amaitzeko jardunaldi bakarra falta da. Añaresek larunbatean sailkapeneko bigarrena den Hijolusaren aurka jokatuko du, Leonen. Irabaziz gero, Luix Agirreren taldeak Tenerifen liga nagusira igotzeko azken fasea jokatuko du. Galduz gero, berriz, baditu sailkatzeko beste aukera batzuk: batetik, Arodik Bartzelonari irabaztea; eta bestetik, Añaresek Pontevedran jokatu eta galdu zuen partidan klubak jarritako helegitearen aurrean federazioak zer erabaki hartzen duen ere kontuan hartu beharko da.

Juaristi ISBk ere sekulako erakustaldia egin zuen Almansaren kantxan. Lolo Encinasen mutilek 61 eta 75 irabazi zuten. Talde osoak lan bikaina egin bazuen ere, Berazaren, Sanzen, Salazarren eta Reavesen ekarpena azpimarratu behar da. Juaristik igande arratsaldeko seietan jokatuko du Murtziaren aurka, Azkoitian.

Korrikarekin bat

Ostiralean Iraurgik, urteoro bezala, Korrikarekin bat egingo du. Nahi duen oro gonbidatuta dago Urgiren alboan korrika egitera. Goizeko bederatzi eta erdietan, Loiolan, Irureta parean, dugu hitzordua. Ttipi, ttapa

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu