Igoera fasea jokatuko du Juaristi ISBk

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2019ko ots. 11a, 12:17
Juaristi ISBko jokalariak, Salamancako partida irabazi ostean. (ISB)

Iraurgikoek 40 eta 71 irabazi zuten Salamancan Tormesen aurka, eta igoerako A-1 multzorako sailkatu dira. Añares ISBk ere garaipen garbia lortu zuen Coruñan (59-89).

Iraurgi Saskibaloiko talde nagusiek emaitza bolada ezin hobean jarraitzen dute. Joan den asteburuan biek jokatu zuten etxetik kanpora eta biek lortu zituzten garaipen argiak: Zilarrezko LEB ligan, Juaristi Machine Tools ISBk 40 eta 71 irabazi zion Tormesi, Salamancan; eta LF2an, 59-89 nagusitu zen Añares ISB Coruñan.

Juaristik, gainera, Urrezko LEB ligarako igoera fasea jokatzeko txartela eskuratu du matematikoki azken garaipenarekin. Lolo Encinasen taldeak ito egin zuen etxeko taldea. Aipatzekoa da taldeko jokalari denek minutu asko izan zituztela eta denek maila ona eman zutela. Datorren larunbatean, 20:00etan, Azpeitian CB Navarraren aurka jokatuko du Juaristi ISBk. Bi taldeak igoerako A-1 multzorako sailkatuta daunez, eta bigarren fasean lehen faseko emaitzek balio dutenez, esan daiteke bi taldeentzat bigarren faseko aurreneko partida izango dela.

Añares ISBri dagokionez, bi taldeen artean dagoen aldea lehen minututik ikusi zen Coruñako kantxan. Añaresek oso partida serioa egin zuen. Brihana Jackson itzuli zen eta hori ederki eskertu zuen taldeak. Igandean, 11:00etan hasita, sailkapeneko bigarrena den Ardoiren aurka jokatuko du Añaresek, Azpeitian.