Puntuak batzen jarraitzen du Juaristi ISBk, eta ezin irabazita jarraitzen du Añaresek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2019ko urt. 29a, 10:15

Emaitza gazi-gozoak lortu dituzte ISBren gizonezkoen eta emakumezkoen talde nagusiek. Juaristi ISBko mutilek garaipena eskuratuta amaitu zuten asteburua. Galiziako Marinen kontra aritu zen Juaristi, eta 60-79 irabazi zuen partida, zaleen aurrean oso itxura ona emanda. Lolo Encinasen gidaritzapean aritzen diren mutilek partida kontrolpean izan zuten hasieratik amaiera arte. Nabarmentzekoa izan zen Pawellek partidan zehar egindako lana. Reavesek ere neurketa bikaina jokatu zuen. ISBk fitxatutako estatubatuarrak izan ziren partidako izarrak, baina gainerako taldekideak ere oso maila ona erakutsi zuten. Horrela jarraitzen badute, edozer gauza egiteko gai izango dira.

Txanponaren beste aldea da Añares ISB. Luis Agirreren gidaritzapean dauden neskek ez zuten lortu azken boladan pilatzen ari diren porroten zerrenda eteterik, 75-57 galdu baitzuten Bartzelonako Lima Hortaren kontra jokatutako partida. Añaresek estu eutsi zion Lima Hortari partidaren aurreneko zatian. Atsedenalditik bueltan aldatu zen dena, nekeak irabazi baitzion Añaresi. Baja asko ditu Agirreren taldeak, eta hori nabaritzen da taldekideen artean.

Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Añares zein Juaristi ISBk. Azkoitian jokatuko dituzte asteko partidak, igandean. Añaresek 11:00etan jokatuko du neurketa Inmobiliaria Victor Antuñaren aurka. Juaristi ISBk, aldiz, Avila izango du parez pare, 18:00etan hasita.