Juaristi ISBk garaipen errazarekin ekin dio urte berriari

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2019ko urt. 7a, 15:24
Orlov, atzoko partidaren jokaldi batean. (ISB)

92 eta 74 irabazi zion Logroñoko Clavijori atzo, kiroldegian, denboraldiko orain arteko neurketarik osoenetakoa jokatuta. Beñat Heviak eta Spencer Reavesek debuta egin zuten Iraurgikoekin etxeko zaleen aurrean.

Juaristi ISBk 92 eta 74 irabazi zuen Logroñoko Clavijoren aurka atzo Azpeitiko kiroldegian jokatu zuen Zilarrezko LEB ligako neurketa.

Denboraldiko orain arteko neurketarik osoenetakoa jokatu zuten Juaristikoek, aurkari zuzena duten Clavijoren aurka garaipen erosoa lortzeko. Beñat Hevia eta Spencer Reaves taldekide berrien aurreneko neurketa izan zen zaleen aurrean eta bi jokalariek itxura ezin hobea eman zuten, taldeari falta zitzaion sendotasuna emanez.

9-0 partzialarekin hasi zen neurketa, eta hirugarren laurdenaren hasieran errioxarrak 6 puntura hurbildu baziren ere, Juaristik erraz kontrolatu zuen partida. Garaipen horrekin, Iraurgiren gizonezkoen talde nagusia sailkapeneko laugarren postura igo da. Jokalari denak maila txukunean aritu ziren atzokoan, zaleen gustukoa izan zen talde itxura emanez. Bat nabarmentzekotan, Orlov pibotea nabarmendu beharko litzateke; defentsan zorrotz eta erasoan saskia birrinduz, 19 puntu baliotsu lortu zituen.

Lolo Encinasen taldeak datorren larunbatean Extremadura Plasenciaren kantxan jokatuko du. Ea hirugarren garaipena jarraian lortzeko gai den Juaristi.

Añares ISBren itzulera

Añares ISBri dagokionez, Eguberrietako etena atzean utzi eta igandean itzuliko da lehiara. 11:00etan, Azpeitiko kiroldegian, LF2ko sailkapeneko bigarrena den Patas Hijolusaren aurka jokatuko du Iraurgiren emakumezkoen talde nagusiak.