Emaitza bikainak pilatzen jarraitzen dute Añares eta Juaristi ISB taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2018ko aza. 19a, 13:23

Añares ISBk 77 eta 62 menderatu zuen Segle XXI eta LF2ko sailkapeneko laugarren posturaino igo da Luis Agirreren taldea. Urrezko LEB ligan, Juaristi ISBk ere balio handiko garaipena eskuratu zuen Avilan (59-67), jarraian lortzen duen laugarrena.

Iraurgiren bi talde nagusiek emaitza bikainak pilatzen jarraitzen dute. Añares ISBk 77 eta 62 menderatu zuen Segle XXI Azkoitiko kiroldegian eta, emaitza horri esker, Luis Agirreren taldea sailkapeneko laugarren posturaino igo da. Añaresen nagusitasuna erabatekoa izan zen partida osoan. Brihanna Jacksonen maixuki gidatu zuen taldea eta uztaipean Marita Davidovak sekulako mina egin zuen. Etxekoen artean azpimarratzekoak Garazi Arregik lortu zituen zazpi puntuak. Datorren larunbatean Cerdanyolaren pistan jokatuko du Añaresek.

Juaristi ISBk ere balio handiko garaipena lortu zuen, jarraian pilatzen duen laugarrena. Juaristi 59 eta 67 irabazteko gai izan zen oso zaila den Avilako Carlos Sastre kiroldegian. Lolo Encinasen taldeak oso neurketa serioa egin zuen. Taldearen lan onaren barruan, hiru jokalari nabarmendu ziren: Powellek, berriro ere taldea ondo gidatzeaz gain, puntuak eman zizkion taldeari; Xabi Berazak kanpotik zein barrutik min egin zuen; eta txalotzekoa Iker Salazar kapitainak egin zuen partida borobila, 27ko balorazioa lortuz. Datorren asteburuan Tormes izango du aurkari Juaristik.