Borobila izan da asteburua Iraurgi Saskibaloiaren bi talde nagusientzat

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2018ko urt. 29a, 13:17

Iraurgiren bi talde nagusien asteburua benetan emankorra izan da. Sammic-ek eta Añaresek biek irabazi dute, aspaldiko partez.

Añaresek larunbatean Segle XXIen aurka garaipen argia lortu zuen. Chicoren taldea, hasi eta amaitu, aurkaria baino gehiago izan zen. Garaipen horrekin, Añaresek zortzi garaipen pilatu ditu, jaitsierako mamua uxatuz. Taldea nola dagoen ikusita, LF2n denboraldi amaiera benetan erakargarria daukagu.

Sammicek, bien bitartean, bolada txarra etetea lortu du Valladolid menderatuz. Encinasen gizonak ezinean zebiltzan aspaldian, kantxan triste ikusten ziren, baina Valladoliden aurka denboraldi hasierako Sammic ausarta eta borrokalaria ikusi zen atzo Azpeitiko kiroldegian. Seigarren garaipen honekin Sammic-ek bizirik jarraitzen du, indarberrituta eta mailari eusteko gogotsu. Azpimarratzekoa kiroldegian egon zen giro bikaina. Zale asko hurbildu zen eta kantxan bertan jarritako eserlekuetan eseri zirenek beste giro bat eman zioten kiroldegiari.