Sammic ISBko mutilak eta Añares ISBko neskak, denboraldiari ekiteko pronto

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2017ko ira. 29a, 13:53

Iraurgi Saskibaloi Taldeko bi talde nagusienak datorren asteburuan hasiko dira 2017-2018 denboraldiarekin. Sammic Hosteleriak igandean egingo du debuta Urrezko LEB Ligan, Azpeitiko kiroldegian Coruñaren aurka jokatuko duen partidan. Añares Riojako neskek, berriz, bihar ekingo diote denboraldiari, Azkoitian. Kemegal Cortegada izango dute parez pare, 18:00etan hasita.

Asteburu berezia da datorrena Iraurgi Saskibaloi Taldearentzat. Izan ere, datozen egunetan ekingo diote denboraldiari Sammic Hosteleria ISBko mutilek eta Añares Rioja ISBko neskek. Herritarren babesa beharko dutela nabarmendu dute bi taldeek. Neurketen aurretik beste hitzordu bat dute bihar: ISBren taldeen aurkezpena, Loiolan.

Sammic Hosteleria ISBk Leyma Coruñaren aurka jokatuko du Urrezko LEB Ligako aurreneko partida igandean, Azpeitiko kiroldegian. Neurketa 18:00etan hasiko da. 

Lolo Encinasen mutilak mimo handiz ari dira igandeko partida prestatzen. Urrezko LEB mailan ere lehiakorrak direla erakutsi nahi dute ofizio eta eskarmentu handia duen taldearen aurka. Gustavo Aranzana da galizarren entrenatzailea, eta Hernandez Sonseca –Baskoniarekin Euroliga jokatutakoa– bezelako jokalariak ditu. Eskarmentuari aurre egiteko Sammic Hosteleriak gosea, ilusioa eta borroka talentuarekin uztartuta kantxaratuko ditu. Eta hori nahikoa ez balitz, igandean harmailak beteko dituen zaleen babesa eta beroa izango da Sammic-en beste baliabide nagusia. 

Igandeko egun handirako Lolo Encinasen deialdia honako jokalariok osatzen dute: Maiza, Zubizarreta, de Ciman, Garcia, Galarreta, Guridi, Kaminski, Salazar, Portalez eta Bulic.

Añares Rioja, baikor

Añares Rioja ISB LF 2 Ligan ariko da datorren denboraldian ere. Kemegal Cortegadaren aurka jokatuko du aurreneko partida bihar, zapatua, 18:00etan Azkoitiko kiroldegian.

Aproben garaia amaituta benetako unea iritsi da. Añaresek aurredenboraldiko partidetan gauza politak erakutsi ditu baina puntuak ematen dituzten azterketak larunbatean hasiko dira. Xabier Chicoren taldea baikor dago, eta Villagarcia de Arousako taldea menderatzeko zaleen babesa eta indarra eskertuko luke.

Ligako aurreneko partidarako deialdia honako jokalariek osatzen dute: Garazi, Araia, Libe,
Maite, Itsasne, Erika, Hatty eta Brenauek. Hauekin batera deialdian dira baita ere Maite Merketegi, Nerea Soraluze eta Ana Ugarte juniorrak.