Añaresek Baque torneoan parte hartuko du asteburuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2017ko ira. 22a, 15:08

Bihar finalerdia jokatuko du Añaresek, Kantabriako Tirsoren aurka. Igandea finalen eguna izango da. Xabier Chico entrenatzaileak esan duenez, liga hasi aurreko "azken azterketa" izango da Durangokoa. Azpeitiak Gizonezkoen Euskal Koparen azken fasea hartuko du gaur.

Añares ISBk Baque torneoan parte hartuko du asteburuan, Durangon. Bihar, zapatua, jokatuko du aurreneko partida, finalerdia, Kantabriako Tirsoren aurka. 17:00etan hasiko da partida. 

Xabier Chico entrenatzaileak asteburuko torneorako honako deialdia osatu du: Intza, Garazi, Maite, Araia, Libe, Erika, Hatty eta Eider. Itsasne zalantza da eta Brenaek ezingo du jokatu.

Chicoren esanetan, "hurrengo asteburuan hasiko den ligarako azken azterketa izango da Durangokoa. Talde jokoa indartu eta lantzea da helburu nagusia, eta noski, ahal bada, torneoa irabaztea". 

Zapatuan finalaurrekoak jokatu ostean, igandea finalen eguna izango da. 

Gizonezkoen Euskal Kopa

Gaur, ostirala, hartuko du Azpeitiko Kiroldegiak Gizonezkoen Euskal Kopa, eta igandera arte luzatuko da. Txapelketan parte hartuko dute Urrezko LEB Ligako bi euskal taldeek – Sammic Hosteleria ISB eta Araberri– eta Zilarrezko LEB Ligako Baskoniak. 

Txapelketako aurreneko partida Sammic Hosteleriak eta Baskoniak jokatuko dute gaur, 20:30ean hasita.Neurketa honetarako Lolo Encinas entrenatzaileak Serrano eta Merketegiren bajak ditu. Deialdia Maizak, Zubizarretak, De Cimanek, Garciak, Galarretak, Guridik, Salazarrek, Kaminskik, Portalezek eta Bulicek osatzen dute.

Sammic Hosteleria Oviedon oso neurketa ona jokatu eta itxura ederra ematetik dator. Lolo Encinasen esanetan "taldeak aurreneko egunetik bere nortasuna agerian utzi behar du. Lana, borroka eta ausardia, hamailetako zaleak piztu eta kutxatzen dituen taldea. Borroka horri gero jokalari bakoitzak bere talentua erantsi beharko dio".  Baskonia izango da Euskal Kopan aurreneko aurkaria. Encinasek dioenez, Zilarrezko LEB Ligako taldea da Baskonia, eta horregatik, "partida gaiztoa" izan daitekeela gaurkoa: "Talde berria da, filiala, beraz, guretzat partida gaiztoa izango da gaurkoa, talentu handiko jokalariz osatutako taldea delako Txakartegik zuzentzen duena".

Bihar Baskoniaren eta Araberriren txanda izango da, 18:30ean. Azken partidan, igandekoan, parez pare izango dira Sammic Hosteleria ISB eta Araberri, 18:00etan hasita.