Leku berrian baina betiko indarrarekin dator Urrifest, VIII. Garagardo Azoka

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urr. 3a, 18:22
Ezkerretik eskubira, Zigor Urrestilla (Bertan), Maier Lizaso (Iraurgi Saskibaloia), Ruben Fernandez (Tabernarien Elkartea) eta Estitxu Elduiaen (Udala).

Aurten Alberdieneako aparkalekuan jarriko den karpan egingo da, sei egunez: urriaren 6an, 7an, 8an, 11n, 14an eta 15ean.

Alemaniako Oktoberfest festa ezagunak bere egunak izango ditu gure herrian eta urriaren 6an, 7an, 8an, 11n, 14an eta 15ean izango da aurtengo edizioa. Iraurgi Saskibaloi Taldeak Bertan Merkatari Elkartearen, Udalaren eta Tabernarien Elkartearen laguntzarekin antolatzen duen Urrifestak, Garagardo Azokak, VIII. edizio beteko du eta berrikuntza nabarmen batekin iritsiko da: karpa Alberdieneako aparkalekuan jarriko da, obratan den Berdura plazako ohiko kokalekua utzita.

Gune berria izan arren, urteroko egitarau oparoaz gozatzeko aukera izango da eta kontzertuak, mus txapelketa edota DJ saioak egongo dira, bestea beste. Alberdieneako karpara gerturatzen direnek hamabi garagardo ezberdin, ukondoa, oilaskoa edota saltxitxak dastatzeko aukera izango dute. Izango da zer gozatua!

Sei eguneko festan lagundu nahi duten herritarrak ongietorriak izango dira. Horrela, sukaldean edota barran laguntzeko prest daudenek 662313146 edo 640537014 telefonoetara deitu behar dute.

Gozatu Azpeitiko Urrifestaz!