Sammic ISBk igandean jokatuko du ligako lehen neurketa, Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko urr. 1a, 20:16

Gandia talde valentziarra izango da Iraurgikoen aurkaria. Neurketa 18:00etan hasiko da, udal kiroldegian. Euskal Kopa jokatu zuten jokalariez gain, iritsi berri den Tim Dezelski estatubatuarra ere prest izango du Iker Buenok.

Ilusio handiz emango diogu hasiera denboraldi berriari. Aurreko astean Euskal Kopa jokatu genuen eta sentsatzioak hartzeko txapelketa izan zen. Zoritxarrez, Ibon Guridik, Alex Ramonek eta Aitor Astigarragak min hartuta bukatu zuten txapelketa. Beraz, aste hau jende hori errekuperatzeko helburuarekin hasi genuen eta badirudi hirurak prest izango ditugula igandeko partida jokatzeko.

Talde berri bat ikusiko dute igandean, Azpeitiko kiroldegira hurreratuko diren ikusleek. Ilusio handia duen taldea, baina apaltasunez kantxaratuko da Sammic berria. Euskal Kopa jokatu zuten jokalariez gain, iritsi berri den Tim Dezelski estatubatuarra ere prest izango da partida jokatzeko.

Aurkaria Valentziako Gandia taldea izango dugu. Igo berria da Zilarrezko LEB mailara eta ilusio eta gogo handiz etorriko dira Azpeitira. Alde batetik jokalari gazteak ditu, baina kalitate handikoak; eta beste aldetik, maila honetan esperientzia handia duten jokalariak, Miler, Cheik edo orain dela urte batzuk Iraurgin jokatu zuen Pape Saw bezalakoak.

Beraz, partida gogorra denboraldi berria hasteko, ea jendearen laguntzarekin aurrenekoa Azpeitian gelditzen den.