Sammic ISBk lagunartekoa jokatuko du bihar kiroldegian, Clavijoren kontra

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko ira. 7a, 19:18

Aurredenboraldiko lehen neurketa izango dena 20:00etan hasiko da eta sarrera doan izango da. Bazkideek txartel berriak jasotzeko aukera ere izango dute.

Hau hastera doa. Bihar, osteguna, jokatuko du Sammic ISBk aurredenboraldiko lehen lagunartekoa. Azpeitiko kiroldegian izango da, 20:00etan hasita, eta Logroñoko Clavijo izango da Iraurgikoen aurkaria.

Clavijo Urrezko LEB ligako taldea da. Azken urteetan maila horretan jokatzen ari denez, Sammic indartzeko etorri diren jokalari berrien maila ikusteko aukera ederra izango da. Taldea oraindik ere erabat osatu gabe badago ere, ikustekoa izango da Karena-Olumuyiwa bikoaren jokoa. Kanpotik arituko diren jokalarien maila neurtzeko ere aukera ona izango da, ea iazko gabeziak konpondu diren ikusteko. Maiza eta Ramon joko-antolatzaileak ere nola uztartzen diren ikusteko parada aproposa izango da.

Clavijok taldea asko aldatu du. Iaz, besteak beste, Iraurgin aritutako Alfredo Ottek jokatzen zuen Logroñoko taldean, baina aurten Melillak fitxatu du. Logroñoko taldeak sei fitxaketa egin ditu. Horien artean, azpimarratzekoak Quique Garrido eta Alberto Martin joko-antolatzaileak (azken hori UCAM Murciatik fitxatuta). Barruko jokoan, berriz, Volodymyr Herun azpimarratu behar da; Lleidatik fitxatu dute eta bere garaian Aitor Zubizarretaren taldekidea izan zen NCAAko Portlandeko Unibertsitatean.

Bihar arratsaldeko zortziretatik aurrera Azpeitiko kiroldegian zuen zai izango da taldea, ateak parez pare irekita izango dituzue.

Sarrera dohainik izango da eta bertan bazkide txartelak jasotzeko aukera ere izango duzue.