Xabier Chico Añares Rioja ISBren entrenatzailea izango da datorren denboraldian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko abu. 10a, 11:00
Xabier Chico urretxuarra. (Iraurgi Saskibaloi Taldea)

Chico Sammic ISB taldeko Iker Bueno entrenatzailearen laguntzailea izan da azken bi urteetan. Buenok, berriz, talde berean jarraituko du hirugarren urtez. 

Xabier Chico urretxuarra izango da Emakumeen Ligako Añares Rioja taldeko entrenatzailea datorren denboraldian. Iker Bueno azpeitiarrak, berriz, Sammic ISB taldearen entrenatzailea izaten jarraituko du hirugarren urtez. Klubean daramatzan bi urteetan, Chico Buenoren laguntzailea izan da talde horretan. 

Chicok ibilbide luzea egin du entrenatzaile lanetan: Euskadiko selekzioan kadeteen hautatzailea izan da lau urtez; eta aurten, Junior 3x3 selekzioaren entrenatzailea izan da. Espainiako selekzioan ere aritu izan da entrenatzaile lanetan, eta gaur egun Espainiako 16 urtez azpiko gizonezkoen taldearekin dabil Europako Kadete Txapelketa prestatzen. Horretaz gain, bere jatorrizko kluba den Goierri taldean kategoria guztietako entrenatzailea ere izan da. 

Buenoren ibilbidea, luzea izateaz gainera, klubean bertan egindakoa da: 2002an hasi zen klubean, infantiletan jokatzen. Hurrengo urteetan kategoria guztiak igaro, eta azkenean, entrenatzaile lanetan hasi zen. Ordutik, kategoria guztietako entrenatzaile izatea suertatu zaio. Urte batzuk LEB Platan eman zituen, Jon Txakartegi eta Iurgi Caminos entrenatzaileen laguntzaile gisa, 2014-2015 denboraldian berau lehen entrenatzaile izendatu zuten arte. Datorren denboraldian, 28 urteko azpeitiarra hirugarren urtez jarraian izango da Sammic ISB taldearen entrenatzailea.