Zirt edo zart

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko api. 13a, 14:49
Ibon Guridi.

Sammic ISBk hasiera emango dio gaur, asteazkena, Azpeitiko kiroldegian 19:00etan, ilusioaren play offei. Mutilen gure lehen taldeak lehiaketako etxeko lanen %80a egin du jadanik, eta orain kasualitatea ez dela izan erakutsi beharra daukate. 

Iker Buenok hiru denboraldi itxaron behar izan ditu lehiaketako zonalde noblean sartzeko. Lehen bi denboraldietan jaitsiera ekiditea helburu nagusi moduan eduki eta gero, taldearen kirol egoera guztiz aldatu da eta oraingoan, ligako talderik onenen aurka lehiatzea egokitzen da.

Sammic ISBek ez du 2012-2013 denboralditik igoera play offik jokatzen eta kasualitateak horrelakoak direnez, orduan Unicajaren bigarren taldeak utzi zituen gipuzkoarrak kanpoan. Azpeitian, orduan Iurgi Caminosek zuzentzen zuen taldeak irabazi zuen (78-73), baina Andaluzian galdu egin zuen (59-52) eta kanpoan gelditu zen puntu bakarrarengandik. Denboraldi horretan 11 taldeko liga batean Iraurgik egindako lanak zazpigarren postuan utzi zuen eta 10 garaipen eta 10 porroteko balantzearekin play offetarako sailkatu zen. Talde hark jokalari oso onak zituen, nahiz eta zortea ez zuten aldeko izan: Pantin, Ibargutxi, Lasa, Barberena, Motos, Justo, Kersey, Fohler eta Guridik ezin izan zuten zeukaten kalitate guztia atera eta aho bete hortz gelditu ginen. 

Denboraldi honetan, agian orduko taldeak baino kalitate pixka bat gutxiago edukita ere, Ikerrek talde jokoa giltzarri bilakatu da bigarren postua lortu ahal izateko. Sammic ISBek gauza oso garrantzitsua lortu du: Sandi edo Jordan bezalako bi killer izan arren, jokalari guztiek taldearen onbeharrez egiten dutela lan. Gure bi atzerritarrek partida bat baino gehiagotan hartu dute taldea bizkar-gainean baina egunik onena eduki ez dutenean ere jakin izan dute sakrifikatzen. Espiritu berdina mantentzen jakiten badugu, kanporaketetako ibilbidea luzea izan daiteke Sammic ISBrentzat. 

Datu guztiei erreparatuz gero, argi dago gauzak oso ondo egin beharko ditugula final-erdietan gure burua ikus ahal izateko. Unicajak bere helburua bete du play offetara sailkatuta eta ilusio handiz egingo dio aurre kanporaketari, ez baitauka galtzeko ezer. Bai, ordea, irabazteko asko. Ikerrek ez du ezertan ere aldatu bere lan filosofia, eta taldeak gauza bakarra dauka buruan, lehen partida irabaztea. Partidatik partidara pentsatzen jarraituko du taldeak, filosofia horrekin, aurrerago begiratu gabe, lehiaketan ondo joan zaigu eta horrela. 

Iraurgi berriz sailkatu da play off batzuk jokatzeko, eta gainera taldean sei jokalari gipuzkoarrekin egin du, meritua infinituraino igoaraziz. Denboraldi hasieran inork ez luke txakur txiki bat ere jokatuko gure alde, baina egindako esfortzuari esker, konstantziarekin, ondo egindako lanarekin eta diruz ordaindu ezin daitekeen zalegoari esker lehiaketa goi-goian egoteko borrokatuko dugu. 

Gaur ahalik eta laguntza handiena beharko dugu. Bailara guztia gurekin egon dadin deseatzen dugu, harmailetatik bera hauspoa ematen. Klubeko jarraitzaileek ezin dute aitzakiarik bilatu harmailak ez betetzeko. Nahiz eta partida astean zehar izan, askorentzat ordu ez oso aproposean, uste dugu taldeak merezi duela berarengandik esfortzu bat egin eta berau babesten egotea. 

Zaleen ordua iritsi da, ligako zalego onena daukagula erakusteko momentua hau da. Iraurgi saskibaloia egiten den klub bat baino, familia handi bat, eta oso ondo eramaten dena gainera, erakutsi beharra daukagu.

Egurra Sammic!