Ez dago adiorik

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Saskibaloi Taldea 2016ko mar. 29a, 18:33
AƱares Rioja ISB jokalariak kantxa erditik ikusleak txaloka agurtzen.

Añares Rioja ISBk ezin izan zion garaipen batekin agur esan Emakumezkoen Lehen Mailako azken partidari. IDK Gipuzkoa nagusi izan zen derbian, batez ere azken laurdenean (75-53).

Udan ametsa ematen zuena errealitate bihurtu zen hilabete batzuk beranduago. Iraurgik Emakumezkoen Lehen Mailan jokatu ahal izan du historian lehen aldiz. Etxeko 9 jokalarirekin zorakeria baten moduan hasi zena, lehiaketa eta lehiatzeko gogo bilakatu zen. Denbora aurrera joan ahala, taldea onenen mailan jartzeko gauza izan zen eta garaipenak ere iritsi ziren. Zaila izango da esperientzia errepikatzea baina hurrengo urtera begira neskentzat, Azpeitiko eta Azkoitiko neska hauentzat, sekulako lezioa izan da denboraldi honetakoa. Ezin izan da garaipenarekin amaitu, horren nahia egon arren, IDK Gipuzkoa nagusi izan zelako, baina zaleen txalo zaparrada eta animoak ez zaizkie faltako neska hauei.

Erritmo bizian hasi zen partida, prezipitazioak eta jokaldi onak tartekatuz alde batean eta bestean. Bi taldeak korrika egiteari uko egin gabe, zaleei ahalik eta ikuskizun politena eman nahian. Hori bai, falta asko alde batean eta bestean, eta jokalari garrantzitsuek aulkirako bidea laster hartu behar izan zuten. Donostiarrak finago ibili ziren jaurtiketa libreen marratik eta, horri esker, 18 eta 13 aurrea hartuta amaitu zuten lehen laurdena.

Bigarrenean antzera ibili ziren, alde batera eta bestera joan zen jokoa, batzuek jo eta besteek erantzun. Eroso zebilen, baina, IDK 5-7 puntuko abantaila lortuta. Roselis ito nahian zebiltzan eta venezuelarrak ezin izan zuen ia baloirik ukitu. Beste aldean, Bravard faltekin arazoak edukitzen hasi zen eta Davydovak puntuak bildu zituen, baina aulkitik irtendakoek ere zeresana eman nahi zutela, eta Arroyo hiruko marratik asmatzen hasi zen; eta etxekoek alde egin zuten markagailuan. 12 goitik ere ibili ziren donostiarrak, baina azken segundoan Garazik lortutako hiruko bati esker 37 eta 28 joan ziren aldageletara.

Hirugarren laurdenean, agurreko partida jokatu zuen Arantxa Novoren magia agertzen hasi zen. Saskibaloia utziko du eta Donostian asko botako dute faltan, aurrekoan ere bere garrantzia noraino heltzen den erakutsi zuen (partidako MVP-a beste behin, agurrerako ez dago gaizki). Markovicek eman zion erantzuna hasiera batean; Roselis ere agertzen hasi zen gutxika, nahiz eta Houtsek itotzen jarraitu duen. Egia esan, joko antolatzaile ipar-amerikarrak egundoko lana egin zuen; defentsan Roselis estu hartu eta bere jokoa desagerrarazteaz gain, erasoan ere berea eman zuelako (13 puntu eta 15eko balorazioa). Lopez Bravo epailea ere agertu zen, Añaresen kontrako teknika bat adierazteko. Hala ere, borrokan jarraitu zuten Joseba Lizarralderen neskek eta 10 puntu behera bakarrik amaitu zuten hirugarren laurdena: 54-44.

Azken laurdenean nola edo hala ahalegindu zen Añares diferentzia murrizten, baina Roselisek ez zuen asmatu, jaurtiketetan eskas ibiltzeaz gain baloi askotxo galdu zituen. Markovic hirukoekin tematu zen eta, beste aldean, Novo-Houts bikoteak aprobetxatu egin zuen, azken labankada emateko Iraurgiri. Azkenean, gehiegizko kastigua jasotzen amaitu zuen Añares Rioja ISBk: 75 eta 53.

Emakumezkoen Lehen Mailan lehiatzeko ametsa, taldeak errealitate egin duena, amaitu da azkenean. Datorren urtean LF2n jarraituko du gure proiektuak. Baina ez dago adiorik, gero arte bat baizik. Kantxetan elkar ikusten jarraituko dugu. Eskerrik asko eta egurre, ISB!!

Saskiratzaileak: (18-13/19-15/17-16/21-9)

IDK GIPUZKOA: Bravard (14), Novo (11), Aduriz (6), Houts (13), Mieloszynsak-Zwolak (4) -Iparragirre, Arroyo (15), Gonzalez (1), Olabarria (5), Foraste (6).

AÑARES RIOJA ISB:> Bereziartua (3), Zubizarreta, Davydova (21), Silva (4), Markovic (13) -Arregi (6), Lizarazu (2), Astigarraga (2), Gurrutxaga (2).